Cobra, Kaotiko eta Anai Arrebak gauari musika ipintzen
Jaixak Herrixak Herrixandakok, Ernai, Urbat, Sortu, Herrira, Eibar Rugbi Taldea, Atakapa eta Bizimina elkarteen laguntzarekin, Arrateko jaien inguruko egitaraua antolatutako egitarauari bihar bertan, Arrate egunaren bezperan ekingo diote: 11.00etan Arratera igotzeko hitzordua ipini dute (Eibarko Bizikleta Plazatik, "Galerosetik" abiatuta); 13.00etan trikipoteoa hasiko da eta, ondoren, 15.00etarako herri bazkaria antolatu dute.
Eta 23.00ak aldera, urteroko moduan, bezperako gaua girotzeko kontzertuak hasiko dira. Aurtengo kartelak Cobra, Kaotiko eta Anai Arrebak taldeak, hirurak elkarrekin batuko ditu Arrateko zelaian. David Gonzalezek (Berri Txarrak eta TT L T) eta Josu Luengok (Evirus 69) 2006an osatu zuten rock/metal taldea herrikoa izanik, Cobraren musika aski ezaguna da eibartar askorentzat. Sarritan Thriller rock estiloari lotuta aurkezten duten taldearen abestiek zinema zein telesailen eragin handia dute. Album bi kaleratu ditu Cobrak, lehena 2007an eta bigarrena 2012an. Zuzeneko bikaina duen taldearen musikan askok Black Sabbath, Soundgarden edo Mastodon moduko taldeen eragina ikusten dute, baina bere musika ezagutu nahi duenak egin dezakeen onena Arratera igo eta berak zer pentsatu erabakitzea da.
Eszenatoki berean lan berria kaleratu duen Anai Arrebak taldeak jardungo du, rock dantzagarria jotzearekin batera doinu horiek ere antzeztuta. Eta kartela biribiltzen, Kaotiko taldeak EH Calling (Baga Biga Musika Ideiak) disko berria aurkeztuko du Arraten.
Eta kontzertuak amaituta oraindik parrandarako gogoa duenak horretarako aukera paregabea izango du goizaldeko 04.00etan hasiko diren jolasei esker. Eta Arrate egunerako presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu dute (12.00etan zelaian).