Coliseoko eskintza are zabalagua izango da
Oin dala egun gitxi jakin dogunez, Coliseo antzokixak Espaiñiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerixuak bultzatuko Platea programarekin bat egin dau. Programako kide izatiari esker, bestiak beste, udalak antzerki konpaiñia eta bestelako ikuskizun askoren gaiñeko informaziñua esku-eskura eukiko dau.
Plana INAEM Musika eta Arte Eszenikuen Institutuak bideratu dau eta helburu nagusiña, udalak eta INAEM dalakuak alkarrekin antzerki-taldien programaziño bateratua bultzatzia da, toki erakundietako kultura-programaziñua biziberritzeko eta aberasteko asmuarekin eta, bide batez, autonomia erkideguen arteko komunikaziñua jorratuta herrittarrak kultura esku-eskura izatia bermatu nahi dabe.
Jose Luis Gonzalez Poxpolo Kultura teknikarixak azaldu deskunez, "estatu maillan arte eszenikuak gaur egunian zelako egoeria bizi daben ikusitta, kontrataziñua bultzatzeko asmuarekin INAEM-ek programa barri hau sortu dau. Programarekin bat egitteko eskatzen zittuen parametruetan sartzen giñala ikusitta, eskaeria aurkeztia erabagi genduan eta holan sartu gara Platea programan".
Izan be, Platea programan sartzeko eskaeria udalak ministerixuari zuzenian egin zetsan, bertatik jasotako dokumentaziñua aztertu ondoren. Madrilgo teknikuak eskaeria begi onez ikusi eta gure herrixa programan sartzia onartu eben. Udalak, INAEM-k diseiñatutako baliabide informatikua erabillitta, erakundiak osatutako konpaiñia-kataloguan jasota daguan informaziño osua konsultatzeko aukeria eukiko dau: talde bakotxaren cache-a, fitxa teknikuak eta ikuskizunen txostenetarako loturak, bestiak beste.
EAE-ko sei antzoki
Espaiñian, autonomia erkidego guztietako ehun antzokik eta auditorixok dihardute Platea programan parte hartzen eta Euskal Herrixan, barriz, Coliseo antzokixaz gain beste bost partaide dagoz: Gasteizko Principal antzokia, Errenteria Hiria Kulturgunea, Irungo Amaia Kultur Zentroa, Barakaldo Antzokia eta Santurtziko Serantes Kultur Aretoa.
Platea programako egitaraua 2014ko martxotik abendura bittartian garatuko da. Sei millioi euroko aurrekontua dauka eta, aurreikusittakua betez gero, horreri jarraittuta 150 udal antzokitan 1.200 ikuskizun inguru eskinduko dira, 200 bat konpaiñiaren mesedetan. Gaiñera, programaren abantailletako bat diruari zuzenian lotuta dago: ikuskizunetako sarreren salmentan jasotako diru-sarreriaren eta konpaiñiak kobratzen dabenaren arteko aldia INAEM-ek bere gaiñ hartuko dau.
Eibarko udalak urtiak daroiaz arte eszenikuak eskintzeko biharrian eta egindako ahalegiña behiñ baiño gehixagotan agerixan geratu da, adibidez Eibarko Antzerki Jardunaldixak edo Debabarreneko Eskolarteko Antzerki Erakusketia antolatzeko orduan izan daben inplikaziñua nabarmendu dabenian. Goi maillako kontuak albo batera lagata be, udaleko Kultura saillak gogotik jarduten dau biharrian hilleroko ohiko programaziñuan umiendako zeiñ helduendako antzezlan bana antolatzen, baitta jaixetan kale-antzerkiko ikuskizunak Eibarrera ekartzen be. Kultura teknikarixak diñuanez, "Antzerki Jardunaldixetatik kanpora, bestelako programaziñuan oreka billatzen ahalegintzen gara beti, baiña oso argi dakagu gogor ahaleginduta be, beste emanaldixak ez dabela sekula Jardunaldixak daken zabalkunde-indarra izango. Hortik kanpora, antolatzen ditugun guztietan kalitatea bermatzen ahalegintzen gara eta, orohar, Coliseora zeozer ikustera doian jendia pozik urtetzen da. Halanda be, ikuskizun ona antolatuta oso jende gitxi juan dala ikustian, norberari beti geratzen jako holako sensaziño arraro bat".
Opera proiekziñua
Coliseoko eskintza gero eta zabalagua izateko ahalegiñari jarraittuta, gaur bertan jarduera barri bat hartuko dau Coliseuak: 20.30xetan hasitta, Giacomo Pucciniren Tosca operiaren proiekziñua eskinduko dabe. Gaurko emanaldixarekin aurrera begira jarraipena eukiko daben operari eskindutako ziklua hasiko da (sarreriak 8 euro balixo dau). Gaurko proiekziñuak 150 miñutuko iraupena eukiko dau eta Pucciniren opera esanguratsuenaren egiturari jarraittuta, hiru ekitaldi eukiko dittu.
Sarrerak erosteko bidiak
Oso lantzian behin Coliseora juaten animatzen diranetako askok ez dabe argi eukitzen emanaldixetarako sarrerak zelan erosi leikiazen, salmenta ordutegi eta moduak azken aldixan finkatuta daguazen arren: zinerako sarreren kasuan, 17.00etako emanaldixetarako salmenta ordubete aurretik, 16.00etan hasten da; gaiñerako emanaldixetarako sarrerak proiekziñua hasi baiño ordu erdi lehenago hasten dira saltzen, beti be sarreran daguan leihatillan zuzenian. Zinia albo batera lagata, beste edozeiñ ikuskizunerako sarreren salmenta arrunta (takillan) emanaldixa hasiko dan ordua baiño ordubete lehenago hasten da. Eta sarreria aldez aurretik erosi nahi dabenak aukera bi dakez: zuzenian Coliseoko txarteldegira juanda (astelehenetan 19.00etatik 20.00etara eta barixakuetan 21.00etatik 22.00etara) edo, bestela, internet bittartez, www.kutxabank.es helbidian sartu eta interesatzen den ikuskizuna aukeratuta.
Bestalde, oin dala aste gitxitik hona Gazte Txartela, langabetu txartela edo ikasle txartela dakeneri, bost eurotik gora balixo daben kultur ikuskizunen sarreretan euro biko beherapena egitten hasi dira Coliseuan ez eze, Astelena frontoian eta Ipurua kiroldegixan be. Deskontua aplikatzeko, sarrerak erostian zeiñ ikuskizunera sartzerakuan egiaztatze agirixa erakustia derrigorrezkua da.