Ikusentzunezkoak gaurtik aurrera, Errebal Plazan
Hurrengp hiru egunetan, gaurtik hasia, Arrate Kultur Elkarteak antolatutako kus-entzunezkoekin gozatzeko aukera izango dugu. Emanaldiak San Andres parrokiako klaustroan eskainitzea aurreikusita bazegoen ere, eguraldia dela eta Errebal plazan egitea pentsatu dute. Lehen bi egunetan,gaur eta bihar, 22:00etan hasiko dira, eta hirugarren egunean, eguenean, pixka bat lehenago, 19:30ean. Beti bezala, ez da sarrerarik ordainduko.
Txema Artetxe Aranguren eibartarrak zabalduko du aurtengo programa, Huellas de una época eta Arte urbano izenburuko bi proiekturekin. Lehenak bi urteko lana biltzen du, 2023ko udatik hona 80 gaztelu ingururi egindako argazkien laburpena; eta bigarrena 2024ko udaberrian hasi zuen: “Errioxako gaztelu bat bisitatzen ari nintzela eta maite nuen horma-irudi bat ikusi nuenean. Bere koloreak, marrazkien haunditasunak… inpaktatu egin ninduten. Lan horren irudi batzuk erakutsiko ditut”. 12-13 minutu irauten du bakoitzak.
Hurrengo egunean Isiltasunetik dokumentala (42 min.) emango dute eta, ondoren, solasaldia hasiko da, egile eta protagonistekin. Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du lan honek. 2022an abiatu zuten proiektua: “Baliabide gutxi, baina ilusioa eta lana erruz egin ondoren, hiru urte hauetan lortu dugu dokumentala ia amaitzea”. Lan horrek, gainera, badu konplexutasun extra bat, filmatutako ordu asko zeinu hizkuntzan direlako. Jatorrizko ideia Josu Iztueta Azkuerena da, eta Telmo Basterretxeak zuzendu du.
Ikus-entzunezkoen astea agurtzeko, Kaixo, kari (itxiera bat, abiapuntu bat) aurkeztuko dute Danele Sarriugartek (testuak) eta Miren Narbaizak (musika): “Agur eta ciao, edo ireki eta itxi. Emanaldi honetako hiru testuak aldi berean dira bi gauzak, aldi berean zerbaiten itxiera eta abiapuntu”. Emanaldiak ia ordubeteko iraupena izango du.