Dantzan Ikasi IV. topaketa egingo da datorren zapatuan
Datorren zapatuan, azaroaren 22an, Dantzan Ikasi programaren laugarren topaketa egingo da Eibarren, Markeskua jauregian, Udako Euskal Unibertsitatearen egoitzan. Euskal Herriko bost lurraldeetako dantza-irakasle, dantzari, ikertzaile eta adituak bilduko dira bertan, euskal dantza tradizionalaren gaurkotasuneko eta intereseko gaiak partekatu eta eztabaidatzeko.
Aurtengo egitarauak bi ardatz nagusi izango ditu: dantza hezkuntzan eta dantza eta generoaren arteko harremanak. Goizean, Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitatea – HuHezi) kultur hezkuntzari buruz hitz egingo du, eta jarraian, Julen Agirrek eta Ixone Aromak euskal dantza hezkuntza-sisteman txertatzeko proposamenak aurkeztuko dituzte. Atsedenaldiaren ostean, Alaia Cachenaut antropologoak nesken dantzarako aldarrikapenei buruzko ikerketa aurkeztuko du, Uztaritzeko Kaskarotetan oinarrituta.
Eguerdian, hainbat aurkezpen labur izango dira. Alde batetik, Amagoia Egiluz eta Jon Fernandezek (Indarra DT) Arabako dantza-taldeen gaineko azterketa egingo dute. Jarraian, Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak tradizionala 11 deialdian aukeratutako egitasmoak aurkeztuko dira, “Zalakain Argentinan” proiektua (Jexux Larrea, Argia DT) eta haurrekin euskal dantzako ibilbiderako material pedagogikoa (Patxi Montero). Ondoren, bazkaria izango da 14:00etan.
Musika eta Dantza Eskoletako euskal-dantza irakasleen gaikuntza sistema berriaren mahai-inguruarekin ekingo diote arratsaldeko egitarauari; bertan parte hartuko dute Patxi Labordak (BilbaoMusika), Idoia Lahidalgak (dantza-irakaslea) eta Josu Garatek (Dantzerti, Dantzan). Jarraian, saio praktikoa eskainiko du Patxi Labordak, soka-dantzan banan-banangoa emateko modu ezberdinak erakutsiz. Topaketa amaitzeko, 17:30ean, soka-dantza bateratua egingo da.

Laugarren topaketa, udazkenean lehen aldiz
Antolatzaileen hitzetan, Dantzan Ikasi topaketak euskal-dantzaren alorreko elkargune nagusietako bat bihurtu da azken urteetan, “hausnarketarako eta elkartrukerako topagunea”. Aurreko edizioak udaberrian egin dira, baina aurten antolatzaileek udazkenera aldatzea erabaki dute, “dantza-jarduneko agendetara hobeto egokitu daitekeelakoan”.
Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako programa da, dantza tradizionalaren irakaskuntza indartu eta irakasleen eta dantzarien formakuntza sakontzea helburu duena. Gipuzkoako Dantzagunearen jardueren barruan kokatzen da, eta dantza tradizionalaren transmisioa eta kalitatea sendotzera bideratuta dago.