Dantzari Eguna, gaur arratsaldean Untzagan

Dantzari Eguna, gaur arratsaldean Untzagan
2015/06/12 00:00
eta kitto!

Gaur arratsaldean, 19.30etatik aurrera Kezka dantza eskolako eta dantza taldeko dantzariek eta musikariek Untzagan aurkeztuko dituzte jendeaurrean urtean prestatzen ibili diren dantzak, ikasturte amaieraren inguruan urtero antolatzen duten Dantzari Egunean. Ohikoari jarraituta, dantza eskolako talde bakoitzak bere errepertorioa prestatu du eta, aurreratu dutenez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa Garaia eta Behera edo Lapurdiko dantzak ikusteko aukera izango da. Gaurko saioan dantza eskolako 150 ikasleak eta nagusien taldeko 30 dantzariak arituko dira dantzan. Musikari dagokionez, Jose Migel Laskurain, Andoni Altzibar, Amaia Baglieto eta Iñaki Barua arduratuko dira txistu eta danborraz, Laskurain bera Andoni Urbietaren eta German Ereñarekin arituko da gaita eta danborrarekin, eta Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitixa eta panderoarekin.
Bestalde, Kezkaren dantza eskolan datorren ikasturterako matrikulatu nahi duten ikasle berriek datorren ekainaren 18an (eguenean) izango dute horretarako aukera, 19.00etatik 20.00etara Portaleko 3. solairuan (izena eman ahal izateko sei urtetik gora izan behar da).