Dantzaz konpainiak "Arte-an" ikuskizuna eskainiko du gaur Coliseoan
Gaur (barixakua,urriak 5) Dantzaz Konpainiak Arte-an ikuskizuna eskainiko du 20.30etan Coliseoan (sarrerak 8 euro balio du). Ikuskizun honekin konpainiak berriro heldu dio Itzik Galili maisu ospetsuarekin lankidetzan aritzeari. Abagune honetan, koreografo israeldar honen “Earth apples” apartekoa eskainiko da berriz ere, eta nazioarteko sortze lan bat, “Flash deluxe”, Donostiako konpainiaren eskutik. Lan honetan sendo nahasten dira indarra eta maisutasuna. Iparraldeko konpositore eta Labeque ahizpen ohiko kolaboratzaile Paxkal Indoren perkusioen eta txalapartaren sormen handiko melodia oinarri da bertan.
Dantzaz konpainiaren estiloaren ildoari jarraituz, ikuskizun berri honetan, oso ibilbide interesgarria egiten ari den koreografo gazte bat dugu, Lukas Timulak eslovakiarra. Nederland Dans Theater-1ean irudi gailena izateaz gainera, koreografo gazte honek “A place between” eskaintzen digu: bi ekitaldiren arteko unea izan liteke, baina baita jaiotzaren eta heriotzaren arteko gunea ere. Beti baikaude erdibidean. Dantzariak Marco de Alteriis, Anneleen Dedroog, Emmanuel Dobby, Leonor Henriques, Anna Jirmanová, Hugo Mercier, Guillermo Millán, Daniel Navarro, Marine Sanchez eta Marina Scotto dira. Zuzendaria, berriz, Adriana Pous eta koreografia Lukas Timulak & Itzik Galili-rena.