Datorren eguaztenean zabalduko dute #ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azoka

Datorren eguaztenean zabalduko dute #ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azoka
2019/03/20 12:43
eta kitto!
Eguaztenetik barixakura bitartean ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren IV. edizioa hartuko du Armeria Eskolako patioak. Debabarreneko Udalek, Debegesa Garapen Agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek antolatu duten azokan Debabarrenean dauden Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdinak toki bakarrean, denak elkarrekin erakutsiko dituzte.

Armeria Eskolak, IMH Makina Erramintaren Institutuak, Meka Lanbide Eskolak, Kardala Akuakultura Eskolak, Mutrikuko Institutuak, Uni Eibar-Ermuak, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuak eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuak hartuko dute parte bi urtetik behin egiten den azokaren laugarren edizioan eta bakoitzak bere stand propioa izango du, “eskaintzen diren espezialitate eta familia profesional ezberdinak zuzenean erakusteko”. Izan ere, gure eskualdean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, “arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teoriko zein praktikoekin”. Hain zuzen ere, Lanbide Heziketak “lan-merkatuan sartzeko aukera oso onak” eskaintzen dituela nabarmendu nahi dute antolatzaileek.

ABIAN azokaren irekiera ekitaldia eguaztenean, 11:00etan izango da. Sarrera doakoa izango da eta goizeko 10:00etatik 14:30era zabalduko dute (eguenean arratsaldez ere, 16:00etatik 18:30era). Hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko 700 ikasle baino gehiago igaroko dira bertatik, baina hortik kanpora ere, interesa duen edonork ateak zabalik izango ditu. Bestalde, erakusketaren harira hitzaldiak eta doako tailerrak eskainiko dituzte.

Aurreko barixakuan aurkeztu zituzten azokaren inguruko guztiak Ipuruan, Eibar Kirol Elkartearen instalazioetan Mikel Larrañaga SD Eibar Fundazioko presidenteordeak, Juan Carlos Abascal  Ermuko alkateak eta Kontxi Arana Meka Lanbide Eskolako Ikasketa-buruak. Ekitaldian, besteak beste, “Lanbide Heziketaren onurak ezagutzera emateko ABIAN bezalako topaketen garrantzia” azpimarratu zuten eta, horrekin batera, heziketa ziklo “maskulinizatuetan” nesken parte-hartzea sustatzeko premia dagoela ere aipatu zuten. Esandakoaren arabera, espezialitate zientifiko-teknikoetan emakumeen presentzia oso txikia da oraindik, “laneratze-maila altua duten ikasketak” izan arren. Ermuko alkateak, eskualdeko Udal guztien izenean, erakunde eta enpresa laguntzaileei eskerrak eman zizkien: “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak eta, alde horretatik, lan-merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira”.

Abian azoka

EGITARAUA


Eguaztena 27

11:00: Inaugurazio ekitaldia eta irekiera hitzaldiak. Azokara bisita, erakundeetako ordezkariekin.

11:30: "STEM arloko ikasketen eta lanbideen inguruko Debabarreneko gazteen pertzepzioa" ikerketaren emaitzak eta ondorioak aurkezteko hitzaldia.

Eguena 28

11:00 / 12:00: "Enplegura bideratutako profesionaltasun zirtagiriak" jardunaldia (Meka).

11:00 / 12:00: Saio informatiboa: HAZILAN 6. deialdia (Debegesa).

12:00 / 13:00: "Enplegua bilatzeko bide berriak" tailerra (Debegesa).

16:00 / 17:00: "Enplegua bilatzeko bide berriak" tailerra (Debegesa).

Barixakua 29

10:00 / 11:00: Debabarreneko Lanbide Heziketa, ikastetxeetako orientatzaileei zuzenduta.

11:00 / 12:00: "Nola sortu zure negozio-ideia propioa?" ekintzailetza tailerra (Debegesa).