Datozen egunetan hasiko dira Egogaineko autobus-geltokiko itxarongela egiteko lanak

Obra ‘Estudios y Obras Rekalde SL´ enpresaren esku egongo da. Lanek 331.512 euroko aurrekontua izango dute eta 15 asteko iraupena.
Datozen egunetan hasiko dira Egogaineko autobus-geltokiko itxarongela egiteko lanak
2026/10/07 12:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Datozen egunetan ekingo diote Egogaineko autobus-geltokiko itxarongela egiteko lanei. Eibarko Udalak 'Estudios y Obras Rekalde SL' enpresari esleitu dizkio obrak, 331.512 euroko aurrekontuarekin. Udalaren aurreikuspenen arabera, lanak urriaren 12tik 16ra bitarteko astean hasiko dira eta 15 asteko iraupena izango dute. Jarduketa Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatuko du, LJE funtsen bidez.

Udalak azaldu duenez, gaur egun dagoen espazioa itxarongela “itxi, irisgarri eta ekipatu” bihurtuko dute. Lokal berriak 100 metro koadro inguru izango ditu, eta egoteko guneak, komunak, armairuak eta erabiltzaileentzako informazio-sistemak izango ditu.

Udalaren arabera, eraikineko bizilagunekin hitz egin ondoren, aretoa intsonorizatzeko neurriak ere jasoko ditu proiektuak, inguruko bizilagunei sor dakizkiekeen eragozpenak murrizteko. Itxarongelak bi sarbide izango ditu: bata Egogain kaletik, supermerkatuaren ondotik, eta bestea San Andres pasealekutik.

Jon Iraola Eibarko alkatearen esanetan, obra hauekin “aspaldidanik beharrezkotzat jotzen duten hobekuntza” gauzatuko dute. Autobusa egunero erabiltzen dutenek itxaroteko espazio egoki bat izatearen garrantzia ere nabarmendu du, “bereziki euria, hotza edo beroa egiten duen egunetan”.

Bestalde, Andoni Ameztoy Obretako zinegotziaren esanetan, lanak geltokiaren ohiko funtzionamenduarekin bateragarri egiteko eta erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izateko ahalegina egingo dute.