David Bowie-ri eskainitako ikuskizunik handiena hartuko du gaur Coliseo antzokiak
2017/03/27
12:05
eta kitto!
Gaur 20:30ean David Brightonen “The ultimate David Bowie experience”, David Bowie zenaren omenezko ikuskizuna hartuko du Coliseo antzokiak. Las Vegasetik datorren eta Espainian lehenengoz biran dabilen taldeak “Konde Zuria” gaitzizenez ere ezaguna izan zen musikari polifazetiko eta hetereogeneoaren magia taula gainera eramango du. David Brighton buru duen taldearen eskutik, ia bi orduko iraupena duen ikuskizunean Bowieren musikaren historiako momenturik garrantzitsuenetakoak eta jatorrizko soinu famatua berpiztuko dira. Gainera, ikuskizunak sorpresa bisual ugari ekarriko dituela aurreratu dute eta, diotenez, “ikuslea espektakuluaren alderdi aktibo bilakatuko duen mundu magiko bat birsortuko da”. Errepertorioan ez dira faltako Bowieren arrakastarik ospetsuenak: “Space Oddity” (1969), “The man who sold the world” (1970), “Life of Mars” (1971), “Changes” (1972), “Ziggy Stardust” (1972), “Under Pressure” (1981), “Let’s dance” (1983) eta “Where are we know” (2013), besteak beste. Sarrerak 30 euro balio du (23 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin) eta Coliseoko ohiko salmentatik kanpora ere, nahi duenak honako toki hauetan izango du erosteko aukera: Eibarren Trinkete, Portalea, Batzoki eta Xania tabernetan; Elgoibarren, Lanbroan; Ermuan, Caperosen; eta Durangon, Gambrinusen.