DAVID KARBA, Kvalvika: “Oso txarto pasatu dut diskoa egiten, baina irten denean harro sentitu naiz, indartuta
Legarreko lokaleko bozgorailuen bolumena ia goraino igo eta, biniloak bakarrik eman dezakeen benetako sinuarekin, Karbarekin batera KVK osorik entzuteko aukera izan dugu. Musikak berehala murgiltzen gaitu bere unibertsoan, eta musikariak bizi izandakoa imajinatzen laguntzen du, zulo beltzetik hasi argia ikusi arte. Zintzotasunetik bihotzera heltzen den lana da.
(Lehen abestia entzuten dugu) Zer esan dezakezu horri buruz?
‘Orain ni naiz’ du izenburu eta haustura fase bat deskribatzen du. Orain dela denbora bat, musika banda batetik irten nintzen nahiko modu tragikoan, horrela esan badaiteke, eta lagunak galdu nituen bidean. Aro txarra pasa nuen eta horri buruz musika egiten hasi nintzen. Frustrazio hori doinuen bitartez islatu dut.
(Bigarren abestiaren txanda) Eraserhead du izenburua. Zer dio?
Lagun bat galtzeaz eta berriz ikusteko gai ez izateaz egiten du berba. Zauriaren fasea deskribatzen du.
(Hirugarren abestia jarri dugu) Tonua aldatzen doa hemen.
Autokritikaren fasea lantzen dut hemen. Nik neuk ere akatsak egin nituela ohartu nintzelako. Hau da, hemen ez dago errudunik. Komunikazio prozesu erreala da, nork bere kasa jardun du, eta abesti honetan nik neuk ere ederra egin dudala onartzen dut, gero hurrengo pausoa eman ahal izateko.
(Laugarren abestia orain) Zer azaltzen duzu abesti honetan?
Sendabidearen fasea, aurrera egite hori. Lehen abestietan azaltzen dena onartu eta buelta ematea. Denok bizi izan ditugu hausturak. Hasieran, izorratuta gaude, baina gero egoerak beste dimentsio batzuk hartzen ditu. Horrela, abestian, sasoi txar horretan WhatsApp bitartez lagun bati bidali nizkion ahozko mezu batzuk sartu ditut.
Barrenak atera dituzu diskoan.
Horrela tokatu da. Beti gustatu izan zait disko kontzeptualak egitea. Lehenengoan, Islandia eta Norvegiara bidaia islatu nuen, dena oso polita. Bigarrenean, gizarte hiperkomunikatuaz jardun nuen. Hirugarrenean, remixak egin nituen. Eta oraingoan, neure buruaz berba egitea tokatu da.
Nola sentitu zara zeure burua modu horretan biluzten?
Askotan, musika egiten duzunean, buruan ez duzu diskoa ateratzea, ez dakizu egiten duzun horrek argia ikusiko duen. Baina abesti batzuk eginda nituen eta gai horretaz berba egin nahi nuela erabaki nuen. Gainera, diskoaren sorrera-prozesua arraroa izan da. Diskoa egingo nuela nekienean, pare bat kontzertu eskaini nituen eta txarto eman nituen, ez negoelako ondo. Oso urduri negoen. Ez nituen gozatu, eta munduan gehien gustatzen zaidana musika egitea eta kontzertuetara joatea da. Terapia bezala erabiltzen nuen horrek, disko hau egiteak, are gehiago izorratzen zidala konturatu nintzen. Bertigoak, antsietatea... Eta gelditzea erabaki nuen. Zorionez, azkenean diskoa atera dut lagun askoren babesari esker eta diskoa entzun dezaket, lehen nintzelako erantzuteko kapaz.
Zenbat denbora iraun zuen eten horrek?
Maiatzean amaitu genuen diskoaren ekoizpena eta orain irten da. Ez nuen ezer jakin nahi. Orain, biniloa ikusten eta entzuten dut, eta egin dudanaz oso harro nago. Gainera, diskoa orain ez da nirea, argia ikusi du, jendeak entzun du eta disko bat da bere horretan. Entzuleek ulertzen badute, moduren baten lagundu ahal die. Batzuk balkoitik botatzen dira, nik diskoa egin dut. Muturreko adibidea da, baina batzuek fase gogorrak pasatzen dituzte eta ez dituzte gainditzen. Neure kasuan, antsietatea eta bertigoak jasan arren, zerbait egiten jarraitu nuen, hortaz egiten nuen berba, artea egin nuen horrekin, eta garrantzitsua iruditzen zait. Egia esan, nire disko gustokoenetako askok gai hau lantzen dute. Pertsona batek bizi duen infernua islatzen dute, baina diskoa egiteko gai izan dira putzu sakonenean egonda ere. Beraz, gustatzen zaizkidan disko gehienak depresiboak badira, zergatik ez dut nik horrela egingo? Eta horrela egin nuen. Momentuan gogorra da, baina egiten duzu. Oso txarto pasatu dut diskoa egiten, baina irten denean harro sentitu naiz, indartuta.
Poz handia sentitu duzu?
Ez dakit poz handia den berba. Biniloa ikustea bai izan da poz handia. Oraindik ere, biniloa esku artean hartzen dut eta ez dut sinesten. Niretzat beti izan da ametsa biniloa editatzea. Lehen bi diskoak CD-an kaleratu nituen, zoramena zelako biniloan argitaratzea, demaseko inbertsioa eskatzen zuen, baina orain laguntza jaso dut.
Zein momentutan jakin zenuen hau izango zela Kvalvikaren azken diskoa?
Gozatzen ez nuela konturatu nintzenean. Gaur egun, beste proiektu musikal batzuetan murgildu naiz eta nahiago du Kvalvika ixtea. Ixteko modu polita dela iruditzen zait. Diskoko azken esaldia Kvalvikaren ibilbidea amaitzeko modu ona dela uste dut. Horrek ez du esan nahi musika egiteari lagako diodanik, esan bezala, bi proiektutan murgilduta nagoelako, baina Kvalvika amaitu da. Dena dela, kontzertu batzuk eskaintzeko asmoa dut. Momentuz (baliteke gehiago irtetea), Zaizoi tabernan eta Portalean jotzea da asmoa. Zaizoin, taberna izanik, jendea egongo da, taberna giroa, jendea berbetan... Lagunentzako kontzertua izango litzateke. Portalean, ostera, jendeak jarrita ikusiko luke kontzertua, isilpean. Gainera, ikus-entzunezkoak prestatuko ditugu.
Bizi duzun guztia jakinda, zuzenekoak emateko gogoa duzu?
Egia esan, bai, oraingoan bai. Abestiei beste dimentsio bat emango diegu ikus-entzunezkoekin. Otsailean eskaintzea da asmoa, baina ikusiko dugu data horretarako heltzen garen ala ez, presiorik gabe.
Lagunen babesa aipatu duzu. Nolakoa izan da?
Disko hau ez litzateke posible izango Gorka Martinez de Lagosen laguntzarik gabe. Diskoa konposatzen nenbilenean batu zen proiektura. Saxo doinuak sartzea gustatuko litzaidakeela esan nion eta gure arteko elkarlana oso arina izan da. Abestiei eman ahal ez nien argia eman die Gorkak. Niretzat den-dena iluna zen, eta Gorkak argia eman die. Kontrapuntu hori sekulakoa da. Gainera, Gorka oso maitagarria da eta hain disko ilunari saxoarekin edertasun puntu hori ematea zoragarria izan da. Gorka diskoaren erdia da eta hirugarren abestia berari oparitzen diot, free jazz atal hori gabe ezin izango zen posible horrelako abesti bat egitea. Bestetik, ahotsak Walter Tuzzeorekin grabatu nituen Legarreko lokaletan dagoen estudioan. Toki autogestionatua izanik, garrantzitsua iruditzen zait bertan eskaintzen dena aprobetxatzea. Beste guztia lokalean grabatu dut, baina ahotsak Walterrekin, mikrofono aldetik oso ekipo ona duelako eta demaseko tipoa delako. Diskoaren nahasketa, ekoizpena eta masterizazioa Eñaut Gaztañagarekin egin dut Gaztain Estudioan. Euskal Herriko ekoizlerik onenen artean dago eta disko ugari grabatu edo nahastu ditu (Madeleine, Izaro, Leihotikan...), musikari famatuetatik, hasten ari direneraino. Berarekin lan egiteko gogo handia nuen. Orain arte, Jon Badirekin egin dut lan, baina aita izan da eta lasaiago egon nahi zuen. Orduan, momentu aproposa iruditzen zitzaidan Eñautekin lan egiteko, gogoa nuelako. Beraz, helburu batzuk bete ditut disko honekin. Denak ez, baina batzuk bai, borroka askori egin behar diezulako aurre.
Nolako borrokak?
Diskoa autoeditatu egin dut Beste behin, ez dut inongo zigiluren babesik jaso horretarako. Saiatu naiz, baina ez dut babesik jaso. Era berean, ez dut jaso prentsarekin babesik ere. Existitzeari laga izango banio bezala da. Remixen diskoa Zarata Mondosonoro aldizkarian irten zen urteko EP bat bezala. Beste artista batzuen abestien remixak dira eta diskoaz oso harro nago, baina remixak dira azken finean. Lehen eta bigarren diskoekin ez zidaten jaramonik egin, eta ikusten dut hirugarrenarekin ere ez didatela kasurik egiten. Musikaren munduan etengabeko borrokan zaude. Konposatzen hasten zaren momentutik ohartzen zara horretaz. Grabaketa egiteak demaseko dirua balio duela ikusten duzu eta biniloa ateratzeak zer esanik ez. Orduan, atzean zigilurik edo management bulegorik ez baduzu, atzean izen handirik ez baduzu (edo izenik, sinpleki), ez dizute kasurik egiten. Salbuespenak egongo dira, baina nik neure kasua azaltzen dut. Dena dela, orain horrek ez dit asko axola, hau delako Kvalvikaren azkenengo diskoa, baina gauza ezberdinetan pentsarazten jartzen nau.
Ze gauzatan?
Musikaren industria izorratuta dagoela pentsatzen dut. Aurrera egiteko lehiaketa ziztrin batetik pasatzea beharrezkoa bada, akabo. Villa de Bilbao eta Gaztea Sariak lehiaketetan egon naiz, eta inon ez ziren Kvalvika ondo idazteko gai izan. Musikan bidea egiteko horrelako lehiaketa bat irabaztea beharrezkoa bada, nik ez dut hor egon nahi. Zazpi urte daramatzat Kvalvikarekin eta ikusi dut musikan aurrera egiteko gogoa edukitzea, iraunkorra izatea eta gauzak egin nahi izatea dela beharrezkoa, ez atzean norbait edukitzea edo lehiaketa bat irabaztea. Zure izerdiarekin, odolarekin eta izerdiarekin egin behar duzu aurrera. Bestela, beste modu horretan, dena pikutara joan daiteke edozein momentutan. Lehiaketa bat irabazi eta goian egon zaitezke egun batetik bestera, baina urtebetean pikutara joan daiteke. Batzuek aurrera egiten dute (Belako bezala, demasak direlako), baina beste banda zoragarri batzuk pikutara joan dira disko bat atera ondoren, eta mingarria da. Zentzu horretan, harro nago zazpi urtez proiektu honetan egoteaz eta bost disko kaleratzeaz. Bakarrik jardun dut, baina lagun asko izan ditut alboan. Babesak bilatu ditut (zigiluak finantzazioak, lehiaketetan egon naiz...), baina konturatu naiz Matadeixe edo Zaizoi bezalako tokietan jotzea dela politena, bikain artatzen zaituztelako, toki autogestionatuak direlako... Jendeak amore ematen du eta osasun mentala garrantzitsua da. Musika egitea da garrantzitsuena eta zuk zeuk gozatzea. Nik ez dut gozatzen jarraitu eta Kvalvika laga dut, baina beste proiektuekin bai ari naiz gozatzen. Agian, urte batzuk barru Kvalvika berriz martxan jartzea erabakitzen dut, baina momentuz hau da azkenengo diskoa eta etorkizunean musika egiten badut, nahiko argi dut beste izen batekin egingo dudala. Adibidez, David Karba izen ona dela iruditzen zait.
Beraz, aipatzen duzu bide horretatik aparte, ez dago aukera askorik musikan bidea egiteko?
Gogoa duen jendearengatik funtzionatu ditzakete gauzek. Adibidez, Ez Dok tabernan gauza asko antolatu ditut eta banda asko etorri dira. Gogoa duen jendearen artean funtzionatu dute gauzek: banden zirkuitua egin nahi dutenak, jo nahi duten bandak... Ez Dok-en jo dute banda batzuk nahiko handiak bihurtu dira (Sua, TOC, Sara Zozaya...), baina beste batzuek (Urgatz, Cohen, adibidez) euren bidea eten dute. Ez dakit neure arrazoi berdinengatik laga duten, baina zerikusia dutela uste dut. Proiektu zoragarriak laga dituzten musikari asko ezagutzen ditut. Astean ez dakit zenbat aldiz entseatzea, musika-tresnak hara eta hona mugitzea, gainera dirua galtzen... Azkenean, jendeak ez du horrela jarraitzeko gogorik izaten. Eszenatoki gainean gozatu arren, sufrimenduzko gurpil zoroa da. Gozatzen ez duzun puntu horretara heltzen zarenean, gelditzeko momentua dela uste dut. “Lokalera itzuliko naiz eta lagunekin entseatuko dut”, esaten diozu zeure buruari. Hau da, oinarrira itzultzea. Buru osasuna da, bestela, txarto amaituko duzu.
Disko honekin orain dela zazpi urte hasitako proiektu bati amaiera ematen diozu. Zer izan da Kvalvika zuretzat?
Demasa. Asko eman dit. Lehen diskoa atera nuenean harritu egin nintzen. Pentsatzen nuen inork ez zuela entzungo, baina espero nuena baino oihartzun gehiago izan zuen eta bigarren diskoarekin kontzertu asko eskaini nituen. Ez nuen zuzenekorik emateko asmorik, baina horrela suertatu zen. Gero, remixen EP-a egitea ohorea izan zen niretzat. Kokein, Sara Zozaya, Empty Files eta beste musikari batzuek abestiekin egin nuen. Momentu bakoitzean sentitu dudana egin dut. “Hau ez da Kvalvika”, esan didate batzuek, “Kvalvika lehen diskokoa zen”. Moduren baten ados nago, proiektu honek David Karba izena eduki zitekeen Kvalvika beharrean.
Baina, beno, Kvalvika David Karba da.
Bai, hori da. Kvalvika izena sustatu dut, hori zelako proiektuaren izena, eta horrekin egin dut aurrera. Horregatik erabaki dut amaitzea baita ere, “aski da Kvalvikarekin”, pentsatu nuelako. Esan bezala, horrek ez du esan nahi musika egiteari lagako diodanik, ezta gutxiago ere.
Eta zer diozu azken diskoari KVK izenburua jartzeari?
Kvalvika berbaren laburdura da, beste barik. Momentu baten proiektua Kvalvika izatetik KVK izatera pasatzea pentsatu nuen, baina buelta gehiegi ez ematea erabaki nuen.
Diskoa non eskuratu daiteke?
Biniloa erosteko, Instagram bitartez eskatu ahal didate (David Karba eta Kvalvika kontuetan), Zaizoi tabernan salgai daude eta Ego Gaineko estankoan ere lortu daiteke, bertan egiten dudalako lan. Bestalde, Bandcamp webgunean ere jarriko dut. Horrez gain, plataforma digitaletan entzungai dago baita ere. Aipatu nahiko nuke, bestalde, diskoaren lan artistikoa Kepa Garcia Antonek egin duela. Bertan agertzen den argazkia nik egindako selfie bat da, eta berak hori hartu eta irudia moldatu zuen. Ikusi nuenean, diskoaren azala izatea nahi nuela esan nion, neuri buruz berba egiten duen diskoa delako. Demaseko lana egin du Kepak eta kolore berde horrek ukitu aproposa ematen diola uste dut.