Debabarrena Berritzen, laneratzeko eta gizarteratzeko eskualdeko proiektua aurkeztu dute

Debabarrena Berritzen, laneratzeko eta gizarteratzeko eskualdeko proiektua aurkeztu dute
2023/02/14 10:55
eta kitto!
Atzo, astelehena, sei erakundetako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzakoak tarteko, Soraluzen izan ziren, Debabarrena Berritzen proiektua aurkezten. Egoera zaurgarrian dauden 30 urtez azpiko gazteak laneratzen laguntzea helburu du proiektuak. Horretarako, formazioa, orientazioa eta kontratazioa emango diete gazteei. Debabarrena Berritzen Soraluzen abiatuko da. Argazkiak: Egoitz Unamuno.

Ordezkaritza politiko zabala elkartu zen Soraluzen, Debabarrena Berritzen proiektuaren aurkezpen ekitaldian. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Soraluzeko eta Elgoibarko Udaletako, Debegesako eta Debabarreneko Gizarteratze eta Laneratze Sareko ordezkariak. (Aurkezpenean izan ziren guztien izenak eta karguak albiste amaieran).

 

12 gazte

Debabarrena Berritzen proiektuaren bitartez, langabezia egoeran dauden 12 gazteri lanerako formazioa, orientazioa eta kontratazioa emango zaie. Soraluzen aurkeztu zuten proiektua, Soraluzen abiatuko delako. 12 gazteko taldeak Elkartegian jasoko du formazioa, eta, ikasitakoa Olaldeako garajeetan jarriko du praktikan, lokal haiek egokitzen. Azkenik, Ezozibidea Berritzen proiektuko obretan lan egingo dute, aldizkatze kontratuekin.

Gazte-taldea dagoeneko osatuta dago eta hasita daude lanean, joan den astetik. Debabarreneko Gizarteratze eta Laneratze Saretik (Gizarte Ongizate Sailak, Lanbide…) bideratu dituzte programara eta 12 hilabetez arituko dira bertan.

 

Ezozibidea, Sigma eta Barrena

Soraluzen, Ezozibideko etxebizitzen obretan parte hartuko duten moduan, aurrerago Elgoibarko Sigma auzoan eta Eibarko Barrenan egingo diren jarduketetan ere parte hartuko dute Debabarrena Berritzen proiektuan ariko direnek.

Atzoko aurkezpenean, erakundeetako ordezkariek emandako azalpenetan, Soraluzen abiatu den proiektuaren garrantzia azpimarratu zuten.

Batetik, proiektuaren izaera berritzailea eta erakunde askoren arteko elkarlanaren emaitza izatea nabarmendu zituen Francisco Pedraza Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze zuzendariak. Ildo beretik jo zuen, Debegesako zuzendari nagusi Juan Angel Balbasek.

Bestetik, proiektuan, hiri-berroneratzeak eta inklusio soziolaboralak bat egiten dutela azpimarratu zuen Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda zuzendari Ignacio de la Puertak.

 

Elkarlana, lana eta pertsonalizazioa

Zentzu horretan, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu zuen halako proiektuen helburua dela lurralde modura aurrera egitea inor atzean laga barik.

Larrañagak esplikatu zuenez, ibilbide horretan, ezinbesteko bidelagun ikusten dituzte elkarlana, lana eta pertsonalizazioa. Lana funtsezko ikusten dute, "bizitza proiektuen eta duintasunaren iturri delako (…) beraz, lana da iparrorratza, baina beti ere pertsona bakoitzaren beharretara egokituta. Elkar-Ekin Lanean-ek pertsonalizatutako ibilbideak eskaintzea du xede: formazioa, lan babestua, lanpostu batera jauzi egitea…".

Bestalde, Ane Beitia Elgoibarko alkateak proiektuaren osotasuna azpimarratu zuen, esanez haren xedea ez dela bakarrik gazteak laneratzea eta gizarteratzea, laneratzeko prestakuntza ematea ere badela. “Enplegagarriak direnen kasuan, gizarte-eta lan-bizitzari berriro lotzeko aukerak ere eskaini nahi zaizkie. Gainera, gure herriaren garapenean lagunduko dute, komunitate mailan aberastasuna sortuz ere”.

Azkenik, besteak beste, Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek azpimarratu zuen atzo abiarazitako proiektua "pozgarria" dela Soraluzerako eta bailararako; gaiaren gaineko xehetasunak eman zituen eta azpimarratu zuen gazteak lan merkatuan txertatzeko aukera gehiago izateko bidea emango diela Debabarrena Berritzen proiektuak.

Aurkezpen ekitaldian honako hauek izan ziren: Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea, Patricia Borinaga alkateordea, Unai Larreategi EH Bilduko bozeramalea, Abel Olaizola Kultura zinegotzia, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua, Francisco Pedraza, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze zuzendaria, Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda zuzendaria; Elena Alonso, Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza departamentuko arduraduna, Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusia, Asier Quintana, Edukeibar, Lanbideko ordezkaria eta Kalexkako Marimar Jimenez eta Javier Jimenez.