Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatu dira

Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatu dira
2013/05/29 00:00
eta kitto!

Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak atzo (martitzena, hilak 28) Ekintzailearen Eguna ospatu zuen eta, urteroko moduan, ekitaldia hainbat errekonozimendu banatzeko aprobetxatu zuten: Debabarrena Ekinean!, iraunkortasuna atalean, saria Miguel Loitxate (@lonifasiko) eibartarrarentzat izan da, bidaiak eta gastroesperientziak kontatzeko bere blogarengatik (www.lonifasiko.com); eta Plus Ekimena atalean, Satxa Zeberio debarra saritu zuten Puertas Ireki enpresarengatik; eta talde-lanari dagokion errekonozimendua Zona 10 elkarteak jaso zuen.
Bai industriari! errekonozimendua, berriz, Elgoibarko Swisslan enpresak jaso zuen, "sektore industrialean berrikuntzaren alde egiteagatik, sektore emergenteetan lan egiteagatik eta Debabarreneko beste enpresekin lankidetzan aritzeagatik".
Sariak banatu aurretik, baina, beste jarduera batzuk egin zituzten Debegesaren egoitzan. Ekitaldia Enpresen Azokarekin hasi zuten eta bertan eskualdean sortu berri diren hainbat enpresek euren zerbitzu eta produktuak aurkeztu zituzten: Ane Campos Elkoro (Gorputzaren azterketa eta diagnostikoa), Kerala (Estetika eta Ongizate Zentroa), Ekingune (Debabarreneko ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako elkartea), 1964 (Diseinu estudioa), Debanatura (Natura eta kultura turismoa), XN Estudio (Argazkilaritza eta diseinua) eta Yan Arte Designing (Janaria eramateko ontzien fabrikazioa eta salmenta) izan ziren parte hartzen.
Azokaz gain, Debabarrenaren orainaz eta etorkizunaz jarduteko mahai-ingurua egin zuten, Iker Izulainek dinamizatuta eta eskualdeko hainbat gonbidaturekin: Jose Manuel Salbide (MCC Taldea, Debegesako Mentoring programako kidea), Eneko Astigarraga (Codesyntax), Ibone Arretxe (Berreibar), Iker Aldabaldetreku (Hadimek), Ibon Muguruza (Ekingune), Miguel Loitxate (Bidaia-blogaria) eta Raul Cestafe (Zona 10).