“Debabarrena Gourmet” ekimenak eskualdeko chef erreferenteen elaborazio bikainak dastatzeko aukera emango du martxoaren 28tik apirilaren 13ra bitartean

Debabarreneko erreferentziazko jatetxeek zazpi platerez osatutako dastatze menuak eskainiko dituzte 65€-ren truke. Eibarko Baratze jatetxeak ere parte hartuko du ekimen gastronomikoan.
“Debabarrena Gourmet” ekimenak eskualdeko chef erreferenteen elaborazio bikainak dastatzeko aukera emango du martxoaren 28tik apirilaren 13ra bitartean
2025/03/18 10:29
eta kitto!

65€-ren truke eskualdeko erreferentziazko jatetxeek zazpi platerez osatutako dastatze menuak eskainiko dituzte matxoaren 28tik apirilaren 13ra bitartean.  Ekimena Debabarrena Turismoak antolatu du bigarren urtez jarraian, eta horretarako Debabarreneko Klub Gastronomikoa osatzen duten sukaldariekin laguntza izan du. “Urrats bat harago joan nahi izan dugu ekimen hau diseinatzerakoan, sukaldariengan, produktuen aukeraketan eta plateren elaborazioan arreta jarriz”, azaldu du Aitziber Cortazar Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako “Garapen Jasangarriko eta Turismo” saileko arduradunak. Horrela bada, “Debabarrena Gourmet” ekimenak eskualdeko sukaldarien balioa jomugan jarri eta beren esperientzia agerian utzi nahi du. 

“Debabarrena Gourmet” menua, zehazki, zazpi platerek osatuko dute: aperitiboak, bi hasierakok, bi plater nagusik (arraina eta haragia) eta bi postrek. Eskualdeko sei jatetxetan eskainiko da, hain zuzen ere, Eibarko Baratze Gourmeten, Elgoibarko Belaustegi Baserrian, Itziarko Kanalan, Mutrikuko Pikuan, Soraluzeko Txurrukan eta Debako Urgainen, eta jatetxe horietako sukaldariek prestatutako platerez osatuta egongo da, hurrenez hurren: Unai Altunak, Josu Mugerzak, Alberto Sánchezek, Luis Ángel Alburquerquek, Iurdana Laskurainek eta Nestor Pañunik. Halaber, ogia eta kafea menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Arabar Errioxako Valdelana familiaren upategiko “AGNUS de Autor Malvasia” eta “AGNUS de Autor Crianz” ardo beltza eta txakolina. Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du, eta proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai. Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deituz aurrez erreserba egin beharko dute eta “Debabarrena Gourmet” menua dastatu nahi dutela azaldu.

Ekimena Debabarrenan egun pare bat igarotzeko osagarri gisa sortu da, gastronomia eta eskualdeko bisita gidatuen eskaintza uztartuz: ibilaldiak bertako bidezidorretatik, begiratokietatik ikuspegiak gozatzeko aukera, euskal DNAren ezagutza industria-museoen bitartez, zaldi-ibilaldiak, etab.