Eibartik igaro da gaur irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen protesta-martxa
Adostuz irakasle jubilatuen elkarteak antolatutako bizikleta-martxa Eibartik igaro da gaur, irailak 9. EAEko Irakaskuntza Publikoko 4.545 irakasle jubilatu inguru biltzen ditu elkarteak, eta 2012tik kobratu ez duten erretiro aurreratuagatiko kalte-ordaina eskatzeko ari dira mobilizatzen. Irailaren 6an Gasteizen abiatu zuten martxa, eta hilaren 13an amaituko dute, Arabako hiriburuan.
Gaurko etapa Berriz eta Azpeitia artekoa da, eta 35 kilometro inguruko ibilbidea egin dute. Eibarrera iritsi aurretik, Orduña, Bilbo eta Berriz zeharkatu dituzte. «Gure eskubideak aldarrikatzeko» ari direla azaldu dio Angel Mardones irakasle jubilatuak …eta kitto!-ri. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak 2012an eten egin zuen erretiro aurreratuagatiko kalte-ordainen ordainketa, baina neurri horrek ez zuen ordainketa jasotzeko eskubidea bertan behera utzi. Horregatik, Jaurlaritzak hitzarmenean jasotako kalte-ordainak ordaindu behar dituela defendatzen dute. «Legea hor dago eta legea dago betetzeko», adierazi du.
«Gure adinarekin, ez da gutxi»
Martxan egunero bi dozena irakasle jubilatu inguruk parte hartzen dutela azaldu du Mardonesek, nahiz eta batzuk ibilbidean zehar sartu eta beste batzuk atera. Egunero 50 kilometro inguru egiten ari dira, eta bidean udalerrietako plazetan elkartu, informazio-liburuxkak banatu eta herritarrekin hitz egiten dute.
«Gure adinean aldapak gogorrak direla» aitortu du Mardonesek, baina animoak eta aldarrikapenak aurrera jarraitzeko indarra ematen dietela azaldu du.