Abian da Toribio Echevarria Sarien 36. edizioa

Hautagaitzak urriaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Abian da Toribio Echevarria Sarien 36. edizioa
2026/09/09 14:10
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak Toribio Echevarria Sarien 36. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Jon Iraola Eibarko alkateak, Laura Espin BIC Gipuzkoako Proiektuen zuzendariak eta Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak egin dute deialdi berriaren aurkezpena eta, ekitaldian nabarmendu dutenez, “sariak erreferente dira Euskadiko ekintzailetza berritzailearen ekosisteman, eta, eraldaketa eta inpaktu potentzial handia duten enpresa-proiektuak identifikatzera, babestera eta sustatzera bideratuta daude”.

Deialdi honen helburua da ikusgarritasuna eta laguntza ematea teknologia kuantikoak, adimen artifiziala, bioteknologia, material berriak eta energia garbiak bezalako eremu estrategikoetan lan egiten duten startup eta enpresa-proiektuei, “industria, ekonomia eta gizartea eraldatzeko gaitasuna duten sektore berriak baitira”.

Toribio Echevarria Sariek hiru kategoria dituzte. Lehenengo biak “Startupak eta Enpresa-proiektuak” eta “Enpresa Berritzaileak” izenekoak dira eta, horietako bakoitzean irabazten duten proposamenek, 12.000 euroko dirulaguntza jasoko dute. Horrez gain, proiektuak garatzen, sendotzen eta hazten laguntzeko programak eta laguntza-baliabideak eskuratu ahal izango dituzte.

Eibarko Enpresa Saria

Bestalde, Eibarko Udalak “Eibarko Enpresa Saria – Made in Eibar” izeneko hirugarren kategoria indartuko du berriz ere. Azaldu dutenez, kategoria hori enpresa-ekimenei, enpresa sortu berriei eta barne-ekintzailetzako prozesuetatik sortutako negozio-lerro berriei zuzenduta dago, izaera berritzaile eta/edo zientifiko-teknologikodunak, eta egoitza Eibarren dutenak, edo gehienez ere urtebeteko epean herrian kokatzeko konpromisoa hartzen dutenak”. Aurkezten diren ekimenek batez ere industria aurreratuan, sportech-ean eta trantsizio ekologikoan jardun beharko dute.


Kategoria horretan, 12.000 euroko diru-sariaz gain, 10.000 euroko bonu teknologiko bat ere eskaintzen da, “produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko, ahal dela Teknikerrekin edo BRTA sareko beste zentro teknologiko batzuekin lankidetzan”.

Argitu dutenez, sari hori beste bi kategorietako sarien osagarria izan daiteke, baldin eta hautagaitzek kokapenari eta lehenetsitako sektoreei buruzko baldintzak betetzen badituzte.
Gogorarazi dutenez, diruaz gain, Toribio Echevarria Sariek finantzaketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetarako sarbidea eskaintzen diete ekimen irabazleei, garapena, lehiakortasuna eta proiektuen proiekzioa bultzatzeko funtsezko tresnak baitira.

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 7an amaituko da. Interesa duten pertsona eta erakundeek Toribio Echevarria Sarien webgunean (www.toribioechevarria.com) kontsultatu ahal izango dituzte oinarri osoak, baita parte hartzeko baldintzak ere.