Debabarrena Suspertzeko Ponentziarako proposamenak aurkeztu ditu gaur EH Bilduk

Debabarrena Suspertzeko Ponentziarako proposamenak aurkeztu ditu gaur EH Bilduk
2022/12/05 16:45
eta kitto!
Debabarrena Suspertzeko Ponentziarako ardatz eta proiektu proposamenak aurkeztu ditu gaur goizean EH Bilduk, Errebal Plazan eskualdeko ordezkariek egindako agerraldian. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, “orain dela hilabete inguru EH Bilduk ongizate hitzarmenerako oinarriak aurkeztu zituen. Etorkizunari bermeekin heldu nahi diogu eta, horretarako, ezinbestekoa da orain arteko joaera iraultzea. 2008ko krisiaren geroztik, ezberdintasun sozialak areagotzeaz gain, zerbitzu publikoen degradazioa ere eman da. EH Bilduren ustez, erronka globalei erantzuteko gai izango den herri-proiektua garatu ahal izateko gutxieneko oinarri materialak herritar guztiei bermatzea ezinbestekoa da”.

Gauzak horrela, gizarte-itun handi bat osatzea “premiazkoa” ikusten dute eta horren inguruko proposamena landu dute, “ongizatearen oinarri materialak bermatzera bideratutako bost neurritan artikulatua” eta “aberastasunaren banaketa sakon baterako” beste bost neurrirekin osatutakoa.

Ongizate itunerako proposatzen dituzten bost neurri nagusiak hauek lirateke:

  1. Energia prezio justuan. Energia prezio justuan jasoko dela bermatzeko energiaren merkatuan eskuhartzea ezinbestekoa dela uste dute.


2. Soldaten eta pentsioen igoera.

3. Etxebizitza eskubidea.

4. Zerbitzu publiko sendoak. Osasun sistema publikoa indartzeko egiturazko neurriak hartu behar direla irizten diote.

5. Garraio publiko kolektiboaren doakotasunerantz. Hau da, garraio publikoa indartu beharra dagoela diote, ahalik eta bidaiari gehien erakartzeko.

Aipatutako hauek ongizate itunerako oinarriak lirateke, baina tokian toki dagoen egoeraren araberako neurriak ere hartu beharra dagoela uste dute EH Bildun: “Debabarrena eskualdeak ere akordioak eta esku-hartze publikoak behar ditu. Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai dago Debabarrena Suspertzeko Ponentzia. EH Bildu Legebiltzarrean aurkeztuko duen proposamena garatzen aritu da urte bete osoz”.

Gaur aurkeztutakoak proposamen horren oinarri nagusiak dira, hain zuzen ere. Gilen Garcia Debako alkatea eta Debegesako presidenteak egin du Debabarrena Suspertzeko Ponentziarako irakurketa: “Eskualdeko hainbat eragile igaro da Ponentziatik, publikoak eta pribatuak, eta egoeraren argazki kezkagarria osatu dute. Adierazle esanguratsu askotan, esate baterako pobrezia maila, langabezia, enpresa galera kopurua, azpiegiturak, komunikazio erraztasunak, emakumeen laneratze maila, etxebizitza kalitatea, oker gaude, Euskal Herriko batezbestekoetatik atzerago. Beste bakan batzuetan egoera ona dugu, hala nola hezkuntza eskaintzan (bi zentro EHUren graduak eskaintzen, bost ikastetxe lanbide heziketan eta batxilergorako institutu batzuk) eta ikerketa gaitasunean (bi zentro teknologiko: Tekniker eta Ideko)”.

Nabarmendu dutenez, gure eskualdeko egitura ekonomikoak industrian du bere indargunea eta, beraz, “Ponentziak balio beharko luke eskualdeak dituen indarguneak sendotu eta oker gauden arloetan hobekuntzak eragiteko. Lehen ildoa, indarguneak sendotu alegia, funtsezkoa da bigarrena epe luzean jasangarri izan dadin, akatsa bailitzateke Ponentziak bideratutako dituen baliabide ekonomiko eta instituzionalak egitasmo puntualetara bideratzea epe motzean, epe luzeko garapenari eutsiko lioketen proiektuen kaltetan”.

Zentzu horretan, EH Bildu ados dago Debegesa eskualdeko garapen agentziak Ponentziara igorri zuen txostenean ekintzarako proposatzen zituen bederatzi lerro estrategikoekin: gobernantza eredua berritu; berrindustrialtzea; kalitateko enplegua eta aukera berdintasuna sustatu; hirigintza zaharberritu; turismo eskaintza hobetu; eredu energetikoa aldatu; baliabide natural endogenoak aktibatu; auto pribatua gutxiago erabiltzeko alternatibak eskaini eta eskualdeko ingurugiro kalitatea hobetu.

Hala ere, hamargarren bat gehituko liokete: “Baina gure ustez bada beste lerro bat aintzat hartzen ez dena, zaintzarena alegia. Dena den, lerro estrategikoak hitz bilduma bat baino ez dadin izan, proiektu zehatz bihurtu behar dira, aldaketa errealak eragin behar dira. Eta zehaztapen horietan da une honetan eztabaida. Ondoren aurkezten ditugun proposamenak eskualdeko bizilagunen aukera errealak hobeak izan daitezen egiten dugun ekarpenak dira”.

Ildo guztiei berdin eta aldi berean erantzutea ezinezkoa denez, lehentasunak ezarri behar direla argi daukate: “EH Bilduren iritziz, premiazkoak diren ekintza batzuk eta luzera funtsezko hobekuntzak ekarriko dizkiguten beste batzuren arteko oreka bilatu behar dugu eta hori horrela izan dadin, egiturazko aldaketak eragin behar dira. Gure ustez, pobreziari aurre egin, lan aukerak ugaritu, lanpostuen kalitatea hobetu eta bizi kalitatea goratuko luketen proiektuak lehenetsi beharko lirateke. Ildo horretan, industria, laneratze aukerak, mugikortasuna, zaintza eta hirigintzaren inguruko proiektuak lehenetsiko genituzke”.

Fermin Lazkano Debegesan EH Bilduren eskualdeko ordezkari politikoak laburbildu ditu EH Bildu une honetan bultzatzeko prest dagoen proiektu batzuk. Horietako bat Elgoibarko IMHk bultzatutakoa da eta beste laurak udaletatik eta Debegesatik bideratu beharko liratekeenak.

Amaitu aurretik esan dutenez, “ezin bukatu esan gabe proiektu hauek Ponentziaren lanen egungo egoerari erantzuten diotela eta aldaketak egiteko prest gaudela eragile guztiek beren asmoak argitaratu ahala. EH Bildu prest da, jakina, beste guztien iritziak aintzat hartu eta adostasuneko proiektu bilduma bat babesteko. Beti ere garapen sozioekonomikoa, ekitatea, herrien arteko oreka eta muturreko ezberdintasun sozialen murrizketa buruan”.