Debabarreneko Esperientzia Eskolako 19. promozioko ikasleek bihar agurtuko dute ikasturtea
Bihar agurtuko dute ikasturtea Ikasten Elkarteak antolatzen duen 19. Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasleek, Armeria Eskolako aretoan 11:30ean hasiko den diplomak banatzeko ekitaldian. Kurtso honetan Zaldibar, Ermua, Elgoibar, Ondarroa eta Eibarko ikasleak egon dira, 24 guztira (lau gizon eta 20 emakume). Klasera joateaz gain, 2023-24 ikasturtean zehar proiektu soziala lantzen eta prestatzen aritu dira, eta emaitza Agurtzen-Voluntades anticipadas izenekoa izan da. Azaldu dutenez, “heriotzaren gaia oraindik tabua den arren, gero eta gehiago gara duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugunak. Aurretiazko borondateen dokumentua (bizi-testamentua ere esaten zaio) bide hori errazten digun tresna da. Konturartu gara gure inguruko jendeak zalantza asko dituela honen inguruan, eta informazio-kanal ofizialak gainezka daude. Gainera, ez da erraza horietara iristea. Horregatik, proiektu honekin informazio-gune bat sortu nahi dugu, Aurretiazko Borondateen Dokumentua zer den eta nola egin jakin nahi duten pertsonentzat. Ekainaren 5ean hasita, Untzaga Gizarte Etxean (Arrate aretoan) egongo gara, hilabete bakoitzeko 1. eta 3. eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara, gerturatzen direnei informazioa emateko”.