Debabarreneko hamar bat trasteleku eta garajeetan egindako lapurreten ustezko egilea atxilotu dute

Ertzaintzak lapurtutako objektuen argazkiak partekatu ditu, jabeei jasotzeko aukera emanez
Debabarreneko hamar bat trasteleku eta garajeetan egindako lapurreten ustezko egilea atxilotu dute
2025/03/13 12:43
eta kitto!

Ertzaintzak, Eibarko Udaltzaingoarekin elkarlanean, Debabarreneko hamar bat trasteleku eta garajeetan egindako lapurreten ustezko egilea atxilotu du. Delitu horien egilea 36 urteko emakumea da, polizia-aurrekari ugari dituena, gehienak jabetzaren aurkako delituengatik. Martitzenean, hilaren 11an, atxilotu zuen Ertzaintzak, eta eginbideak amaitu ondoren agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.

Donostiako epaitegi baten agindu judiziala jaso ondoren, polizia Eibarko garaje batean sartu zen joan den otsailaren 28an eta lokalean legez kanpokoak zirela uste zen objektu ugari aurkitu zituzten. Eibarko Ertzain-etxetik egindako ikerketei esker, jakin ahal izan da objektu horietako asko lapurtutakoak zirela eta, batez ere, Debabarrena eskualdeko garaje eta trastelekuetatik lapurtu zituztela, nahiz eta delitu horietakoren bat edo beste Debagoienan eta Durangaldean ere egin zuten.

 

Lapurtutako objektuak

Lapurretak 2024an zehar eta 2025eko hilabete hauetan egin direla adierazi du Ertzaintzak. Oraindik ez da jakiterik izan konfiskatutako ondasun horietako asko norenak diren eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du horien jabeak identifikatu ahal izateko. Batez ere elikagaiak (kontserbak, alkoholdun edariak…), erremintak, etxetresna elektriko txikiak eta kirol-gaiak dira, eta argazkiak publikatu dituzte jabeek ikusi ahal ditzaten.

Antzeko lapurretaren biktima izan diren pertsonek Eibarko Ertzain-etxera jo dezakete, berreskuratutako objekturen bat eurena den egiaztatzeko eta dagokion salaketa jartzeko oraindik egin ez badute edo, bestela, telefonoz jar daitezke harremanetan telefono-zenbaki honetara deituta: 943531700.