‘Txakurrak Uretara!’ ekimena egingo dute hilaren 26an Ipuruako igerilekuetan

Marcan Huella elkarteak eta Eibarko Udalak antolatuta, txakurrek eta haien jabeek doan erabili ahal izango dute instalazioa igerilekua itxi aurretik.
‘Txakurrak Uretara!’ ekimena egingo dute hilaren 26an Ipuruako igerilekuetan
2026/09/16 11:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

‘Txakurrak Uretara!’ ekimena egingo dute aurten ere Ipuruako udal-igerilekuetan, hilaren 26an. Marcan Huella elkarteak eta Eibarko Udalak antolatuta, txakurrek eta haien jabeek igerilekuan elkarrekin gozatzeko aukera izango dute, doan.

Igerilekua itxi aurretik egingo dute jarduera. Ondoren, instalazioa hustu, ura berritu eta mantentze-lanak egingo dituzte. Hori dela eta, lan horiek hasi aurretik igerilekua txakurren eta haien jabeen aisialdirako erabiltzea proposatu dute.

Iaz egin zuten lehen aldiz ‘Txakurrak Uretara!’ eta harrera ona izan zuen. Orduan, Marcan Huellako Eider Anguerak ...eta kitto!-ri egindako elkarrizketan azaldu zuen ekimena tamaina guztietako txakurrek uretan gozatzeko prestatuta zegoela. Aurten ere, beraz, aukera izango dute txakurrek igerilekuan freskatzeko eta jabeekin aisialdi-jarduera bat partekatzeko.