Debabarreneko turismo webgune berria aurkeztu dute
Debabarrena Turismok bere webgunea berritu du eskualdera etortzen diren turistentzat informazioa modu egoki, interaktibo eta erosoenean eskaintzen asmoz. Atzo egin zuten aurkezpena Debako Hiru Uhinak hotelean eta bertan izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo departamentuko ordezkariak, Debako Alkatea eta udal ordezkariak, Debegesako lantaldea eta eskualdeko turismo arloko eragileak.
Webgunearen estekak lehengo berdina izaten jarraitzen du, debabarrenaturismo.com, eta eskualdeko xehetasunak jakin, bisita planifikatu edo Debabarrena eskualdeari buruzko informazioa jaso nahi duen edonork jo dezake bertara.
Berritzailea eta erakargarria
Webgunean orain arte jaso ahal izan den informazioa aurkitu daiteke, baina modu berritzaile eta erakargarriago batean: eskualdeko ostatuak, jatetxeak, ekitaldi gastronomikoak, Geoparkea, hondartzak eta igerileku naturalak, ibilbideak, etab.
Webgune berria diseinatzerakoan, nabigazio intuitiboa lehenetsi da, bisitariek eskura izan dezaten, klik bakar batekin, behar duten informazio guztia, eskualdeko txoko eta jarduera esanguratsuenak nabarmenduz. Gainera, orrialdea erabat moldagarria da gailu mugikorretara eta tabletetara, eta esperientzia erosoa eta guztiontzat eskuragarri egongo dela bermatuko da.