Debabarreneko Zaporeak erronkaren edizio berria aurkeztu dute

Janari-bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean izango da eta Eibarren pardina dilistak batuko dituzte.
Debabarreneko Zaporeak erronkaren edizio berria aurkeztu dute
2025/02/25 22:38
eta kitto!

Janaria eta dirua lortzeko Debabarreneko Zaporeak erronkari eutsiko diote aurten ere, “horrela Grezian kateatuta dauden errefuxiatuei egunero jatordu duin bat eskaintzeko helburuarekin”. Gaur arratsaldean egin dute erronka solidarioaren aurkezpena Untzaga gizarte zentroan, eta ekitaldian erronka antolatzeaz arduratzen diren Zaporeak-eko kideak eta laguntzaileak egon dira. Janari-bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean izango da eta, aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean elikagai bat bilduko dute: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Deban, Ermuan eta Soraluzen, bonba-arroza; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban.
Horrekin batera, dirua biltzeko asmoz rifak salduko dituzte, eta sariak Debabarreneko artista independenteek egindako koadroak eta bestelako artelanak izango dira. Ohiko martxan, erronkarekin kolaboratzen duten jatetxe bakoitzari artelan bana eman diote, zozketa bitartez oparitzeko. 
Erronkari amaiera emateko, tuper solidarioa egingo dute martxoaren 29an. Aurten Ermuko Orbe Kardinalaren Plazan egingo da, 14:00etatik 15:00etara: egun horretan Debabarreneko sukaldariek janaria prestatzen emango dute goiza, plazan bertan, eta ondoren tuperrak (erdia lentejak bakailaoarekin, beste erdia arroza Lumagorrirekin eta fruta pieza bat) 5 eurotan erosi ahalko dira.

Argazkian, Debabarrenean erronka antolatzen duten Zaporeak ekimeneko ordezkariak, artelanak oparitu dituzten artistekin batera.