Debabeheko Kaleratzeak Stop Desahucios eratu da
Orain arte Kaleratzeak Stop Desahucios Gipuzkoan beharrean jardundako hainbatek, eibartar batzukin batera, bailara mailako plataforma eratzeko batzarra egin zuten zapatuan (hilaren 15ean). Debabeheko Kaleratzeak Stop Desahucios plataforma irekia da eta, bertako ordezkarien berbetan, "ez du arazo honen konponbidearen alde egitea erabaki duen inor baztertzen. Krisia hasi zenetik, estatu mailan 400.000 gauzatze hipotekario izan dira, 500etik gora eguneko. Euskadin egunero 10-12 bitartean izaten dira, horietako 2-3 Gipuzkoan. Debabarrenean hainbat kasu gertatu dira, ezagutzera eman ez diren arren. Presio sozialak eraginda, PPko gobernuak aurreko hilean onartu duen dekretuak, bakarrik bankaren interesei mesede egiten die. Zergatik ez ditu gobernuak kontuan hartu benetako kaltetuek osatutako herri-plataformak?".
Herri-plataformen (PAH, StopDesahucios) proposamenak argi eta garbi ikus daitezke urtarrilean parlamentuan sartuko dugun Herri Ekimen Legegilean (ILP):
1.- Etxebizitza ordainetan ematea atzeraeraginezko ondorioekin: etxebizitza finantza erakundeari emanda zorra kitatua geratuko litzateke.
2.- Kaleratzeak bertan behera geratzea: etxebizitza batean bizitzeko eskubidea bermatzeko, mailegua ez ordaintzearen arrazoiak, kaltetuen borondatearen aurkakoak eta ohiko etxebizitza kasuak direnean.
3.- Alokairu soziala: kaltetuak ordura arte bere etxebizitza izandakoan bizitzen jarraitzeko eskubidea izango du, bere irabazien %30 baino gehiagokoa ez den kopuru baten truke eta gutxienez hurrengo 5 urteetan.
Herri Ekimen Legegileak honezgero 750.000 sinadura baino gehiagoren babesa lortu du. Horrez gain, Debabarrenako udalei eurekin batera kaleratzeen aurka lan egiteko eta hainbat neurri hartzeko eskatzen diete: "Aurrekontuetan kaltetuentzako diru-laguntzak sartzea, alokairu sozialeko udal-etxebizitzen parke baten sorrera… Bestalde, herritarron benetako parte-hartzea sustatzeko deia ere luzatzen diegu udalei, plataforma eta kaltetuekin batera arazo larri honi konponbidea bilatzeko bidean. Eta, amaitzeko, Mario Fernández Kutxabankeko presidenteari, bere hitza bete dezan eskatzen diogu eta kaleratzeko prozedura guztiak bertan behera geratzeko".
#@STOPDesBD