Miranderen figura ezagutarazteko jardunaldiak Eibarren

Jardunaldia gaur, azaroak 28, barixakua, egingo da Eibarren, Markeskoa Jauregian, 09:00etatik 17:00etara. Arratsaldean, berriz, poesia errezitaldia egingo da 18:00etatik 19:00etara, Ipuruako Merkatu Plazan.
Miranderen figura ezagutarazteko jardunaldiak Eibarren
2025/11/27 13:36
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Jon Mirande (1925–1972) euskal literaturako figura berezienetako eta eztabaidagarrienetako bat izan zen. Askorentzat oraindik ere ezezaguna bada ere, poesia eta ipuingintzaren bidez garaiko euskal literaturaren mugak hautsi zituen. UEUk haren jaiotzaren mendeurrena baliatu du sortzaile heterodoxoaren ekarpena berriz aztertzeko. Horri buruz hitz egin dugu Oskar Arantzabal Iraeta UEUko Ekonomia Sailburu eta Talde Eragileko kidearekin.

Arantzabalek nabarmendu duenez, “Mirande XX. mendeko poetarik garrantzitsuenetako bat izan zen. Probokatzailea zen eta azaleratzen zituen ideiak ez ziren politikoki zuzenak. Aldi berean, hizkuntzalaritza gaitasun handia zuen eta itzultzaile bikaina izan zen”. Haren hitzetan, jardunaldia Miranderen ekarpena zabaltzeko modua da: “Haren lana askorentzat oraindik ere ezezaguna da, eta hutsune hori bete behar da”.

'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' dokumentaletik hartutako irudia.
Talde Eragileko kideak gogorarazi duenez, Jon Mirandek “ez zuen literatura soilik landu; saiakera politikoan ere ekarpen sakona egin zuen”. Mirandek “garaiko egitura politikoak kritikatzeko ausardia” izan zuela adierazi du Arantzabalek: “Demokrazia faltsu batean bizi garela zioen behin eta berriz, betiere ikuspegi intelektual zorrotz batetik”. Miranderen pentsamendu politikoaren muina argia zela nabarmendu du: “Askatasuna. Gure herriaren eta Europako beste askorena. Hori zen haren ardatza, eta hortik egiten zituen bere analisi sozial eta politikoak”. Horregatik, haren ahotsa “heterodoxoa, dibergentea eta probokatzailea” izan zen, baina “oso koherentea eta bere garaiko inertzien gainetik zegoena”.

Miranderen lanaren ezaugarriak gogoratuz, Arantzabalek azaldu du poesian eta ipuingintzan gai tabu ugari landu zituela, hala nola erotismoa, heriotza edo paganismoa. Itzulpen garrantzitsuak ere egin zituen, tartean Poe, Kafka eta Baudelaireren lanak. Idazleak eleberri bakarra utzi zuen: 'Haur Besoetakoa'. Bere garaian ez ezik, gaur egun ere obra polemikoenetakoa dela dio Aranzabalek: “Eleberria zentsuratua izan zen, eta moral judeo-kristauaren aurkako testu bortitz eta kontzientea da. Horregatik da Mirande gaur egun ere garrantzitsua: irakurleari galdera deserosoak planteatzen dizkiolako eta euskal literaturaren mugak zabaltzen dituelako”. Eleberria 1954an idatzi bazuen ere, 1971ra arte ez zuten argitaratu, idazlea hil eta bost urtera.

Jardunaldien jatorriaz galdetuta, Arantzabalek gogoratu du Jon Miranderen omenez egindako lehen topaketak 1982an antolatu zirela Eibarren. Aurten, mendeurrenarekin bat eginez, UEUk dinamika hori berreskuratu du Iruñean eta Baionan egindako saioekin. “Eibarren egingo den jardunaldia gure herriaren zatiketa administratiboaren lekuko ere bada, Mirandek berak ‘deserria’ deitzen ziona”, adierazi du. Saioetan, idazlearen ekarpen literarioa, harreman pertsonalak eta pentsamenduaren gaurkotasuna aztertuko dira.

Miranderen poesia biziberrituta
Matrikulazioa itxita dagoen arren, Oskar Arantzabalek nabarmendu du jende guztiarentzat zabalik geratzen den ekitaldi bat badela: poesia errezitaldia. Errezitaldia 18:00etatik 19:00etara izango da, Ipuruako Merkatu Plazan, eta sarrera irekia eta doakoa izango da. Ihitz Iriart eta Joseba Sarrionandia izango dira oholtzan —biak ala biak Miranderen unibertsoa ulertu, bizitu eta interpretatuko dute—.

Azkenik, Arantzabalek du jardunaldiek Miranderen pentsaera gaur egungo ikuspegitik berrikusteko aukera emango dutela: "Herritar ororentzat esperientzia kultural eta intelektual aberasgarria izango da".