Dena prest Arrateko jaiak ospatzeko
Asteburu luzea daukagu aurretik. domekan, irailak 8, ospatuko baitugu eibartarrok Arrateko Amaren omenezko egun handia. Dena dela, ekitaldiak bezperan, zapatuan, hasiko dira. Herriko kolektiboek eta Udalak asteak daramatzate Arrateko jaiak prestatzen, eta aste guztian euria izan badugu ere, asteburuan eguzki-izpiak ikusiko ditugula iragarrita dago.
Ospakizunak, esan bezala, zapatuan, irailaren 7an hasiko dira, Arrate egunaren bezperan egingo den Zelaian ikuskizunarekin. Hain zuzen ere, musika elektronikoa eta teknoa nahastuko dituen ekitaldi hori izango da berritasun nagusia aurten. Soba elkarteak eta Udalak antolatu dute Arrateko gurutzean ospatuko den musika jaialdia, eta bertan dozena bat inguru DJ arituko dira musika ipintzen, 16:00etan hasi eta goizeko 06:00ak bitartean.
Horrekin batera, Arrate bezperan ohikoak izaten diren beste ekitaldiak ere egingo dira: 18:00etan meza egingo da Arrateko Santutegian, eta gero Salbea, txupinazoa eta kanpai-errepika. Herri-kirolak, berriz, 19:00etan hasiko dira, eta ondoren, 21:00etan hasiko da ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso-afaria, Tiro Pitxon jatetxean. Bertan Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek, Andoni Egañak eta Iker Zubeldiak hartuko dute parte. Gaueko programazioarekin amaitzeko, kontzertuak egongo dira zelaian, Tapia eta Leturia Band, Inguma, Roba Estesa eta DJ M&M taldeen eskutik.
Arrate eguneko egitaraua goizetik hasiko da: 10:00etan Azitaindik abiatuko dira, Arratera Ama Birjinaren pausoen bidetik igotzeko. Betikuak-en esktutik salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira Zesteroko iturrian. Ordu berean zabalduko dute Kittonbolia, eliza parean, eta 10:30ean Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du.
Meza Nagusia 11:00etan ospatuko da, Arrateko Santutegian. Urtero bezala, Arrateko Ama Birjinaren ezpata-dantza egingo da eliza barruan, eta ondoren hasiko da prozesioa, dantza talde, bertsolari eta herriko agintariez lagundurik. 12:30ean, Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari Bandak Arrateko Ama Birjinaren dantzak egingo dituzte Arrateko zelaian. Eta 13:30ean Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Telleria eta German Meabebasterretxea bertsolarien txanda izango da.
Eguerdiko atsedenaldia eta gero, bertsolariek beste saio bat egingo dute, 17:00etan, eta jarraian, 17:30ean, dantza solte txapelketa hasiko da. Bertan 10 bikotek hartuko dute parte. Eta egunari amaiera biribila emateko, Emepebost talde eibartarrak berbena eskainiko du. Horrekin batera, alkoholaren inguruko prebentzio kanpaina egingo da.
Jaixak Herrixak Herrixandakok ere egitarau zabala prestatu du astebururako
Hasteko, Arratera 11:00etan hasiko dira oinez igotzen Eibarko Klub Deportiboarekin bat eta, Arratera helduta, 13:00etan, txupinazoa botako dute. 13:30ean trikipoteoa egingo dute eta 15:00ean bazkari herrikoia.
Bazkalostean, 17:00etan, bingo musikatua egingo da eta 19:00etatik aurrera musika jartzen hasiko dira, Lokal Bubblesen eskutik.
21:00etan Brigada Morearen bilera egingo da. Dena dela, jaien aurretik ere bilera irekia egingo dute protokoloa zehazteko eta ekarpenak jasotzeko: irailaren 3an, 19:00etan, Kultun. “Edozein eraso ikusi edo jasan ezkero, ez izan dudarik: jo Brigada Moreko kideengana! Edo deitu gure telefono zenbakira: 643 21 30 46”, diote.
Bileraren ostean, 23:30ean, musikak ozen jarraituko du kontzertuen txandarekin. Mota ezberdinetako doinuak entzun ahal izango ditugu Arrateko zelaian Tapia eta Leturia Band, Inguma, Roba Estesa eta DJ M&M-en eskutik.
Kontzertuak amaitu ondoren, 03:30ean, irrintzi txapelketa egingo da, Arrate Egunaren bezperako egitarauari amaiera emanez.
Arrate Egunean, bestalde, presoen aldeko argazkia egingo da 12:00etan eta txosnak zabalik egongo dira egun osoan zehar.