Dena prest bihar San Isidro ospatzeko

Dena prest bihar San Isidro ospatzeko
2015/05/14 00:00
eta kitto!

Bihar (barixakua, hilak 15) San Isidroren omenezko jaia ospatuko dute baserrittarrek Arraten. Urtero lez, jaia Debemen Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak antolatu du, Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Debako udalen laguntzarekin. Programa 11.00etan hasiko da, Narbaiza eta Lizarreta bertsolarien eta Baltzola Anaiak trikitilarien parte-hartzea izango duen mezarekin. Jarraian, Kezka dantza taldeak aurreskua dantzatuko du eta prozesioari ekingo diote. Horiek amaituta, nahi duenak Sagarmiña Getariko txakolina, Andutzene, Mausitxa, Sosola eta Goienetxek artzai gaztak eta aire librean hazitako Basatxerri ezaugarriko txerrikiak jan eta edateko aukera edukiko du. Gipuzkoa Poliklinikak babesten duen San Isidroetako XIII. Aizkolari Txapelketa 12.45ak aldera hasiko da. Olasagasti, Ernesto Ezpeleta "Bihurri", Larrañaga, Txikon, Larretxea eta Zubizarreta arituko dira aizkorarekin nor baino nor eta, eurekin tartekatuta, Idoia Etxeberria, Ostolaza eta Izeta II.a harrijasotzaileek saioa eskainiko dute. Bazkaria 14.00etan hasiko da, Kantabria jatetxean eta bazkalostean herri bakoitzeko aitxitxa-amama zaharrenei opari bana banatuko diete eta mahaikideen artean sari bat zozketatuko dute. Jarraian, bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute bazkalostea, 17.30etan idi-demak hasi bitartean. Probalekuan Mendigoitxi, Telleria eta Olidenen idi-pareek neurtuko dituzte indarrak. Egun horretan Arratera autobusez joan nahi duenarentzat doaneko zerbitzua eskainiko dute herri guztietan eta Eibartik 10.15etan irtengo da autobusa, Ego-Gainetik. Bazkarirako txartelak Kantabrian daude salgai (argibideetarako telefonoa, 943121262).