Dena prest Olentzero eta Hiru Erregeei harrera egiteko
Gabonak ate joka ditugu eta gaur (martitzena, hilak 10) prentsaurrekoan datozen egunotarako antolatutakoen berri eman dute Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotziak eta Asier Lopez de Viñaspre Gazte-Haur saileko arduradunak. Urte bi eta sei urte bitarteko ume guztiei Olentzerori idazteko postalak banatu dizkiete ikastetxeetan eta abenduaren 2az geroztik Olentzerori idatzitako gutunak jasotzeko postontziak Pegoran eta Portalean ipinita daude eta umeek abenduaren 23ra arte izango dute gutuna bertara sartzeko aukera. Abenduran 18tik 20ra bitartean, hala eskatu duten eskoletan Olentzero bisitan joango da. Ikasten eta Untzaga jubilatu etxekoei eskerrak eman nahi dizkiete bisita horietan eskainiko duten laguntzarengatik. Eta abenduaren 24an 18.00etan hasiko da Olentzeroren kalejira, Pantxika astoak, Eibarko Kantuzaleak eta Kaleetan Kantuz abesbatzek eta Jainaga eta Musika Eskolako trikitilariek lagunduta. Untzagan hasiko da eta Calbeton kalearen hasieran eta amaieran, Julian Etxeberriaren hasieran, Toribio Etxebarria kalearen hassieran eta erdialdean eta Untzagan geldiuneak egingo dituzte, abesteko. 19.00etan Olentzerok ume guztiei harrera egingo die eta aurten denentzat opariak banatuko ditu (txokolatezko Olentzero bana emango die umeei).
Azken urteotan lez, Gabonetako parkea Astelena frontoian egongo da martxan abenduaren 26, 27 eta 28an eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an. Egun horietan ohiko txiki-parkari eskulan tailerrak eta beste jarduera batzuk gehitzen dizkiote, baina gainerakoan asteburuetako martxan zabalduko da parkea: sarrera doan izango da Eibar Merkataritza Gune Irekiko dendari eta tabernariek erosketak egitean banatutako bonoekin eta, bestela, 3 euro ordaindu beharko dira. Goizean 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldean 16.45etatik 20.30etara zabalduko dute eta urte bi eta 12 bitarteko umeak sartu daitezke, bakoitzak gehien jota 90 minutu eman ditzake bertan eta begiraleek zainduko dituzte.
Eta Errege Kabalgata urtarrilaren 5ean egingo da. Aurretik, 16.30etan hasita Ipurua Gimnasia Erritmika, Ipurua dantza garaikidea eta Eibarko Balleta taldeetako ikasle nagusienek (75-80 bat umek) erakustaldia eskainiko dute Ipurua kiroldegian (ateak 16.00etan zabalduko dituzte). Kabalgata 19.00etan Untzagan hasiko da eta Urkizuraino jaitsi eta gero, berriz Untzagara bueltan igoko da, 20.00etan udaletxean umeei harrera egiteko. Kabalgatan, Eibar Triatloi taldeko erregeekin batera Lambretta Klubekoek, Cielito Musika Bandak eta antortxak eramango dituzten 50 bat umek hartuko dute parte.