Deporreko mendizaleen maiatzaren 31ko irteererako izena emateko azken egunak
Mendebaldeko Pirinioetan barrena, mendiko korrikalarientzat sortutako “Nafarroa Xtrem” izeneko lasterketa du oinarri GR 322 bideak. Apirilaren amaiera aldean Lantzen elkartzen ditu korrikalariak, Esteribar, Erro, Baztan, Lantz eta Anue bailaretan zehar korrika egiteko. Ibilbidea hiru etapatan banatuta dago eta, iaz etapa baten zati bat egin ondoren (Saioa eta Lantzen artekoa), aurten beste bi etapa egingo dituzte Deporreko irteeretan. Hilaren azken egunekoan Urkiagako portuan hasiko dute ibilbidea eta, berehala, Adiren maldetan zehar egingo dute gora, bertatik ikuspegi bikaina izateko “eguraldiak laguntzen badu”: Adi egin nahi ez duenak aldameneko pista batetik zehar ekidin dezake bertako aldapa gogorra. Ondoren, baso ederretan zehar ekingo diote Zubirirako bideari; azken aukera gisa, Urtasundik Eugirako bidea egin daiteke eta, ondoren, Grarekin bat egin Zubirira iristeko. Ibilbidearen distantzia 18 kilometrokoa da, bigarren alternatibarena 12 kilometro eta erdikoa. Goizeko 07:00etan abiatuko dira Eibartik eta itzulera 18:00etarako aurreikusten dute.