Deporreko pilotari gehienek etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan

Gipuzkoako Txapelketako eskuz binakako eta goma paletako partidak izango dituzte, ostiraletik igandera
Deporreko pilotari gehienek etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan
2026/09/23 11:20
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordeko pilotari gehienek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Gipuzkoako Txapelketako jardunaldian. Ostiralean eskuz binakako partida guztiak jokatuko dituzte, eta goma paletako bikoteek ere izango dituzte hitzorduak asteburuan zehar.

Eskuz binakakoan, ostiralean, Varona eta Del Rey jubenilek Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatuko dute, 18:00etako jaialdian. Saez eta Agote kadeteak, berriz, Azkoitiko Oteiza pilotalekuan lehiatuko dira, 19:00etan; ordu berean arituko dira Narvaiza eta Conde seniorrak Andoainen. 19:15ean, Amillategi eta Gil jubenilek Bergaran jokatuko dute, eta 19:30ean Segurola eta Gisasola seniorrek Errenteriako Agustinas frontoian izango dute partida.

Goma paleta binakako Gipuzkoako Txapelketan, Soria eta Guinea ostiralean arituko dira Oiartzungo Madalensoron, 21:15ean. Igandean, berriz, Urain eta Ferreiro Añorgan lehiatuko dira bertako bikotearen aurka, 11:30ean.

 

Hiru partida Astelenan

Astelenako pilotalekuan ere izango da pilota asteburuan. Ostiralean, irailaren 25ean, 19:00etan hasiko den jaialdian, Gipuzkoako Txapelketako goma paletako binakako partida jokatuko dute Gisasolak eta Lombrañak Landa eta Segurola zarauztarren aurka. Igande goizean, irailaren 27an, 10:00etatik aurrera, eskuz binakako bi partida izango dira ikusgai.