Deportiboko mendizaleen Aste Santua Cuencako mendilerroan

Deportiboko mendizaleen Aste Santua Cuencako mendilerroan
2016/03/29 15:16
eta kitto!
Eguen goizean 05:00etan irten zuten Eibartik eta atzo gauean 22:00etan heldu ziren etxera. 27 laguneko mendizaleen taldeak ondo baino hobeto aprobetxatu zituen bost eguneko Aste Santuko oporrak Cuencako mendilerrora egindako irtenaldian. Eibarko Klub Deportiboak antolatutako txangorako Tragaceteko El Gamo hotelean hartu zuten ostatu eta egunero etapa ezberdinei ekin zioten: eguenean Agreda Haitzuloa izan zuten irteera eta helmuga, tartean 2.218 metroko Peña Negrillara igota; barixakuan Tragacetetik Jucar eta Cuervo ibaien iturbururaino joan ziren, San Felipetik (1.837 m.) pasatuta; zapatuan Uñatik Los Callejones eta Las Majadas-eraino joan ziren, 1.439 metroko Picón de Royo Frío gaindituta; domekan Carrascosatik Hoz Somera eta Tragavivoseraino joan zen mendizaleen taldea; eta astelehenean, azken egunean, Siguenzako Pelegrinatik Río Dulceren haitzarteraino joan ziren. Lehen egunean 12 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu zuten, bigarrenean 16koa, hirugarrenean 17 eta erdikoa, laugarrenean ia 22koa eta bosgarrenekoan ia 6ko ibilbidea. Bost eguneko tarte horretan "eguraldia lagun" izan dute, "La Negrillan hotza bazegoen eta haizeak gogor jotzen bazuen ere". Jakina, eta ohiturari jarratuta, Aberri Eguna "txanpainarekin ospatzeko" aukera ere izan zuten Deporreko mendizaleek.