Diputazioarekin izandako bileratik "gehiago espero zuen" alkateak
Miguel de los Toyos alkateak tokian-tokiko instituzioekiko "sentsibilitate eta malgutasun falta" egotzi dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, atzo Udalerrietarako Finantziazio Foru Funtsari (Fofim delakoari) 2011ko ekitaldiari dagokion dirua nola itzuli aztertzeko Gipuzkoako alkateekin izandako bileraren ondoren, "gehiago espero zutela" gaineratuta. Eibarrek 1.954.000 euro bueltatu beharko dizkio Diputazioari, baina krisi egoera dela-eta, zorra hainbat epetan itzultzen joateko proposamena egin zuen EUDELek (zorraren erdia 2012an zehar lau epetan eta beste erdia 2014an eta 2015ean), baina proposamena ezeresean laga du Martin Garitano diputatu nagusiak eta, beraz, udalerri bakoitzak aurten ordaindu beharko du dagokiona: lehenengo epea otsailaren 25erako ordaindu beharko dute eta beste erdia ordaintzeko orduan hiru epetan (maiatza, abuztua eta azaroan) pagatzeko aukera eman die.