DJ Galtzagorri: “Publikoaren parte-hartzea bilatzen dugu”
Nola sortu zen DJ Galtzagorri sortzeko ideia?
HUEZIn magisteritza ikasten dihardugu eta bertako euskal batzordeak jaialdia antolatu zuen. DJa falta zela ikusi zuten eta, aurrekontu handirik ez zegoenez, gu geu musika jartzera eta tontoarena egitera animatu ginen.
Nondik dator izena eta erabiltzen duzuen iratxoaren irudia?
Hasi ginenean, ez genekien behin egingo genuen gauza bat izango zen edo aurrera jarraituko genuen. Orduan, epe luzerako proiektu bezala planteatu genuen eta, izena bilatzeko orduan, euskararekin zerikusia zuen zerbait aukeratu nahi genuen. Galtzagorrik euskal kulturarekin zerikusia zuela iruditu zitzaigun eta Interneten iratxoaren irudia aurkitu genuen, gure logotipo bihurtuz.
Zuen saioak nolakoak izaten dira?
Zenbait pintxada egin ditugu eta bakoitza ezberdina izan da. Lehenengoa, Arrasaten, ederra izan zen eta jende ugari etorri zen. Musika jartzen dugu, baina jendea animatzea gustatzen zaigu eta, horretarako, hainbat gauza egiten ditugu. Adibidez, irrintzi lehiaketa, sokatira…
Beraz, ez da musika jartzea bakarrik.
Publikoaren parte-hartzea bilatzen dugu, eurentzat entretenigarriagoa izango dela uste dugulako.
Nolako musika jartzen duzue?
Euskal musika jartzen saiatzen gara, baina jendearen eskaerei zabalik gaude, gure printzipioekin bat egiten badute behintzat. Estiloari dagokionez denetik jartzen dugu eta, jendearen gustuak zeintzuk diren ezagutzen ari garenez, are gehiago.
Diskoak jartzen dituzue edo ordenagailuarekin zabiltzate?
Momentuz, ordenagailua dugu. DJ-en aplikazioak erabiltzen ditugu eta hortan trebatzen gabiltza, baina ez da erraza. Aurrera egiten ari garela ikusita, DJ mahai bat hartu behar dugula pentsatu dugu, zerbait ezberdina eskaintzeko. Guretzat proiektu polita eta entretenigarria da.
Zuentzat zer da Sanjuanetan txosnagunean aritzea?
Orain arte egin dugun gauzarik handiena izango da eta horrek pixka bat urduri jartzen gaitu. Gustora gelditzeko moduko ikuskizuna eskaintzea nahiko genuke.