‘Lagunak Sessions’ proiektuak blues harmonika onena bilduko du gaur Coliseo antzokian
Blues Hotsak jaialdiaren zortzigarren edizioa azaroan egingo dute Soraluzen, baina aurretik, Eibarren hitzordu berezia izango dugu gaur. ‘Lagunak Sessions’ proiektua Coliseo antzokira iritsiko da, ‘Catalunya Harmonica Summit’ izenburupean argitaratu berri duten diskoa aurkezteko. Kontzertua 19:00etan hasiko da.
Proiektu kolektiboak Kataluniako bluesaren hainbat musikari bildu ditu: Marta Suñé (Sweet Martha), David Sánchez Farràs (The Hoodoo Doctors), M A Lonesome eta Víctor Puertas (The Suitcase Brothers, Koko-Jean & The Tonics) harmonika-jole, abeslari eta musikariak; Johnny BigStone gitarra-jole eta abeslaria; Óscar Rabadán gitarra-jolea; Reginald Vilardell bateria-jolea; eta Jordi Abad baxu-jolea.
Taldeari Greg Izor estatubatuarra gehituko zaio, bluesaren nazioarteko egungo erreferenteetako bat, harmonika-jole, abeslari, konpositore eta ekoizle gisa egindako lanagatik ezaguna.
‘Lagunak Sessions’ lanak bluesaren, rock and rollaren eta countryaren arteko loturak jorratzen ditu, Chicagotik Austinera, New Orleansetik Mississippira eta handik Bartzelonara doan musika-bidaia proposatuz. Greg Izorren abesti originalak beste artista batzuen piezen berrinterpretazioekin uztartzen ditu.
