DJ saioek beteko dute zapatu gaua
Zapatu gauerditik aurrera hiru DJ saio izango dira aukeran herritik irtetzen ibiltzeko premia barik: foballaren aitzakiarekin, partidua amaitzean denak dantzan ipintzeko asmoa daukate Hirurok tabernakoek, gauerditik aurrera DJ Mister (Black Waxx, Durango) eta DJ B_ato (180 grados) disko jartzaileekin saioa antolatu dute eta.
Koskor tabernan, berriz, "We love disco" jaialdia antolatu du Funk Off! taldeak eta, besteak beste, We Love Dolce Vita, Osvaldo Wilson eta Gorku DJak ibiliko dira euren musikarekin tabernaren beheko pisua girotzen. Sarrera doan izango da eta, musikarekin batera, beste sorpresa batzuk egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Jaia antolatzerako orduan "oso atzera begira" ipini dira eta saiorako aukeratu duten musika 70. hamarkada amaierakoa eta 80. hamarkadakoa izango dela azaldu dute: "Amerikako disco funkarrenetik hasita sintetizagailu kosmikoz betetako italo elektronikoeneraino doinuak eskainiko ditugu eta, horretarako, horrelako kontuetan maisuak diren Bilboko hainbat lagun gurekin egotera gonbidatu ditugu. WLDV - We Love Dolce Vita bikotea Bilboko Kafe Antzokian gau propioa izatera ailegatu da eta doazen tokira doazela ere, dena hankaz gora ipintzea lortzen dute beti. BBK Live jaialdia ixten egon ziren eta EP bat daukate kalean.
Osvaldo Wilson "I-Real" bilakatzen omen da disco doinuak bata bestearen atzetik ipintzen hasten denean. Etxe ezberdinetan argitara emandako lanez gain, "edit" mordoa dauzka eta, ezagutzen dutenek diotenez, musika pintxatzen duen tokietan "jaiak eztanda egitea lortzen du".
Eta gonbidatu biekin batera, jakina, bertoko disko jartzaileak, DJ Gorkuk jardungo du. Jaialdia biribiltzeko photocall-a egingo dute eta, aurrekoetan bezala, Nikane Ilustracion eta Angoba Estilismo arduratuko dira arlo grafikoaz.
Eta bi saio horien artean bat aukeratzeko zalantzan ibili ezkero lasai hartu eta ez larritu, hirugarren saio bat ere badago eta: Magma Fest izenburukoa Punto y Aparte dantzalekuan egingo da eta kartela osatzen dutenen artean, besteak beste, askori telebistari esker ezaguna egingo zaien Dj Valdi (Jose Manuel Gonzalez Valderas) dago ("Otra Movida", "El hormiguero" eta "Tonterias las justas"). Cartagenako DJ-ak urteetako esperientzia dauka eta bere kurrikulum zabalean, besteak beste, Pablo Motosek gidatzen duen El Hormiguero telebista saioaren zortzi denboraldietan girotzeko erabiltzen den musikarekin arduratu da. "Sax on the beach" bere bideoa, bestalde, milioitik gora lagunek ikusi dute 2014an. Eta berarekin batera Eibarko DJJC eta DJ Lucas egongo dira. Photocall-a, opariak eta beste sorpresa batzuk izango dituen jaialdirako sarrerak 10 euro balio du eta nahi duenak ticketea.com helbidean erosteko aukera dauka eta (Tas Tas eta Punton ere salgai).