Doako autobus zerbitzua izango da Arrateko jaietan, irailaren 7 eta 8an
Arrateko jaiak direla eta, autobus zerbitzu berezi eskainiko du beste behin Udalak. Aurten zerbitzua irailaren 7an eta 8an izangho da eskuragarri, Ego Gain eta Toribio Etxebarriatik abiatuta. Zerbitzuak Arratera joan nahi duten herritarrei joan-etorriak erraztu, eta ibilgailu partikularrik erabili beharrik ez izatea du helburu.
Irailaren 7an, astelehenean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da zerbitzua. Hiru autobus ibiliko dira Eibar eta Arrate artean, gutxienez 50 laguneko edukierarekin eta 20 minutuko maiztasunarekin. Arraterako joan-etorriak 22:00ak arte egingo dituzte, eta ordu horretan abiatuko da santutegiko kanpatik Eibarrerako azken autobusa.
Gaueko zerbitzua ere izango da. Irailaren 8ko goizaldeko 01:00etatik 08:00etara, beste hiru autobus ibiliko dira 20 minutuko maiztasunarekin. Irailaren 7ko arratsaldean zein 8ko goizaldean, Eibarko irteera-puntua Ego Gain izango da.
Arrate egunean, autobus gehiago
Irailaren 8an, martitzenean, Arrate Egunean, zerbitzua indartu egingo dute. Guztira, hamar autobus izango dira 08:30etik 23:30era bitartean, etenik gabe.
Egun horretan, autobusak bete bezain laster aterako dira eta, plaza guztiak bete ez badira ere, gehienez 15 minutu itxarongo dute geltokian irten aurretik. Aurreko egunetan ez bezala, Arrate Eguneko autobus berezien irteera-puntua Toribio Etxebarria kalean egongo da.