Dokumentala | Eibarko elkarte gastronomikoak: belaunaldi berriak herriko soziedadeetan
1996ko ekainean argitaratu zuen …eta kitto! Euskara Elkarteak ‘Eibarko Elkarte Gastronomikoa’ publikazioa, herriko soziedadeen berri emateko. Ia hiru hamarkada geroago, elkarte horien egungo egoerari begiratu dio berriro, eta belaunaldi berriek hartutako lekukoa, emakumeen presentzia eta erabilera-ohituren bilakaera jaso ditu ikus-entzunezko lan berrian. Eibarko elkarte gastronomiko gehienak XX. mendeko 70eko hamarkadaren bueltan sortu ziren, eta 1996ko argitalpenean horietako askoren sortzaileen testigantzak, bazkideen izenak eta soziedade bakoitzaren errezetak bildu zituzten. Ordutik hona, ordea, errealitatea dezente aldatu da: belaunaldi berri batek hartu du lekukoa, eta emakumeen presentzia erabat normalizatu da elkarteetan.
Elkarte gastronomikoen kopuruak, hala ere, antzeko mailan jarraitzen du. Eibarren 60 soziedade inguru daude gaur egun; azken urteotan ateak itxi dituzten hiruzpalau elkarteen ordez, beste hainbeste sortu dira. Bazkideen kopuruari dagokionez ere, ez da aldaketa handirik izan: 2.200 lagun inguru biltzen dituzte herriko elkarteek, batez beste 36-37 bazkide soziedade bakoitzeko. Aldaketarik nabarmenena, ordea, elkarteen erabileran dago. Lokalen erabilera gutxitzen ari da, eta gaur egungo premiek eta ohiturek eragina dute soziedadeen eguneroko jardunean. Hala ere, txoko horiek herriko bizitzaren parte izaten jarraitzen dute, elkartzeko eta harremanak sortzeko gune gisa.
Elkarte gastronomikoen garrantzia ez da mahaiaren bueltako topaketetara mugatzen, Eibarko industria-historiarekin eta herriko enpresen arteko harremanekin ere lotura izan baitute. Iker Eizagirre eta Igor Etxabe ikertzaileek, Ego Ibarra batzordearen laguntzarekin, elkarte gastronomikoen eta Eibarko enpresen arteko loturak aztertzeko ikerketa abiatu zuten, 1996ko argitalpena abiapuntutzat hartuta. Orain, …eta kitto!-k egindako ikus-entzunezko lan berriak elkarte horien gaur egungo argazkia eskaintzen du, bertako kideekin testigantzekin batera, ia 30 urteko tartean izandako aldaketak eta jarraitutasunak erakutsiz.
