Domekako hauteskundien gaiñian jakin biharrekuak

Domekako hauteskundien gaiñian jakin biharrekuak
2012/10/18 00:00
eta kitto!

Demokraziak eskatzen dau, taldekide guztieri aitortutako botua jaso eta zenbatuz gero, gehienguaren nahixa egittia. Holakuetan, botu argixa (baiezkua/ezezkua) emotiaz  aparte, gure eritzixa bestelako modura be adierazi geinke: botua emon barik, abstenituz, interesik ez dogulako, ez dogulako erabagi prozesua onartzen edo gaindittu eziñeko dudamudak dittugulako; zuriz, interesa izanda eta erabagi prozesua onartuta be, eritzi argirik ez dogunian; edo balixorik bako botuaren bittartez, normalian nahitta eginda, protesta modura aittatu gura dogulako geure eritzixa.
Lantzian behingo erreferendumetatik aparte, herritar xumeori dagokigun demokrazia bakarra demokrazia ordezkatzaillia edo hautes-botua da: aginte-aldi batez, gai publikuen arduria izango daben pertsonak botuaren bittartez hautatzia. Beti be, alderdixak eskintzen dittuen hautes-zerrenden artian hautatuz, ez jako-eta hiritarrari berak nahiko leukezen hautagaixak zuzenian proposatzen eta, holan nahi izan ezkero, hautatzen.
Boto “berezixak” dirala-eta, demokrazia ordezkatzailliaren kasuan, emondako botua bakarrik hartzen da kontuan, eserlekuak asignatzerako orduan. Emon bakua -abstenziñua-, zuriz emondakua edo, arrazoi askorengaittik, balixorik bakua jotzen dana, horrek guztiorrek ez dake ordezkaritzan ondorixo zuzenik. Dana dala, ez da gauza bera norberak bere botua nahitta baliogabetzia edo baliozko botua izan nahi dabena aginte politikuak baliogabetzia: azken hauetan legitimaziño kontua izaten da jokuan eta horrek be badaka bere garrantzixa.

Botua emoteko orduaren aurrian
Hauteskunde mahaixa Udal bakotxak aukeratzen dittu pleno baten, zozketa bittartez, mahai bakotxeko titularrak eta ordezkuak. Presidentiak eta bokal bixak 75 euroko dieta izango dabe eta mahaiko kidiak Seguridad Sozialaren babesa dake edozer gertatzen bada be. Udalaren arduria da mahaiko kidieri abixua emotia. Mahaixan ez egoteko alegaziñuen artian, honakuak aurkeztu leikez: 65 urte eginda eukitzia; sei hillabetetik gorako haurdunaldixan egotia eta, behiñ ama izanda, geroko amatasun atsedenaldixan egotia; kartzelan edo ospittal sikiatrikuan egotia; egun horretan operaziñua egin bihar badetse edo horretarako proba garrantzitsuak; kasu berezi batzuetan, ume edo nagusi baten zainketa zuzena eta jarraittua egin bihar dabenian; famelixako ospakizuna dakanian batek, berori ezin bada atzeratu edo, atzeratzekotan, galera ekonomiko haundixak badakar. Eta baitta egun horretan biharra egin bihar badabe mediku, sanitarixo, babes zibillian edo suhiltzaille moduan.
Goizeko 08.00etarako mahaixan ezin bada bat egon, lehenbailehen abixau biharko detsa Zonaldeko Hauteskunde Juntari. Bestela, ez badago ez juateko justifikatu leiken motiborik, delitotzat joko da eta hiru hillabetetik urtebetera arteko presoaldi zigorra izango dau edo sei hillabetetik 24ra arteko isuna. Botaziño sobria mahaiko presidentiak sartu biharko dau beti urnan, ez botu-emotailliak.
Botaziñua geldiarazteko hainbat gertaera izan leikez: kandidatura bateko papeletak falta dirala, bonba-abixua jaso eta hustutzeko agindua jaso dala, urna apurtu dala, botaziñorako sobriak falta dirala edo mahaiko bat baiño gehixago falta badira. Hori bai, erabagixa mahaiko presidentiak hartuko dau. Noizbaitten botaziñua bertan behera gelditzen bada, handik bi egunera egingo da barriro prozesu guztia. Behiñ 20.00ak diranian, korreozko botua sartuko da urnan eta, jarraixan, interbentoriak emongo dabe botua eta, amaitzeko, presidentiak. Mahaixak eta interbentoriak botu-emotaillien zerrendako orri guztietan siñatu biharko dabe eta orduan hasiko da publikua dan boto-kontaketia. Edozein protesta edo erreklamaziño gertatzen dala be, mahaiko hiru kidien artian erabagiko dabe, gehienguari jarraittuta. Eta sobriak, papeleta guztiekin, Epaitegixetara eruango dira.


Dokumentaziñua
Botua emoterakuan NAN, pasaportia edo gidatzeko karneta aurkeztuko da.  Kadutatutako agirixarekin botua emon ahal izango da, beti be dokumentu horrek argazkixa badaka. Ezin da, esaterako, NAN-aren resguarduarekin botua emon, argazkixa ez dakalako.

Eibartarrak zerrendetan
Gure herriko ordezkarixak Gipuzkuako zerrendetan juango dira, logikuena danez. Sozialistak dira eibartarreri gehixen erreparatu detsenak eta, holan, Iñaki Arriola izango da PSE-EEren buru; zerrenda berian juango dira Miren Gallastegi (4. postuan), Eneko Andueza (15.ian) eta Ana Telleria (18.ian). Alderdi Popularreko 10. postuan aurkeztuko da Carmen Larrañaga, EAJ-PNVko listaren 15. tokixan juango da Eva Juez eta Euskal Herria Bilduren 21.ian Sergio San Jose. Lau haundixak kenduta, aukera gitxiago daken zerrendetan be izango dira eibartarrak: Ezker Anitzan, 8. tokixan doia Elixabete Gómez Laconcha; Ezker Batua - Berdeak-ekin Juan Sánchez-Vallejo (4.ian), Isabel Postigo (8.ian) eta Juan Manuel Gómez (13.ian); eta Equo-Berdeak zerrendetan dogu Mutrikun bizi dan Iñigo Agirre eibartarra.