Domekako Urtzi Rugby Egunak zehaztu du omenaldiaren egitaraua
Unben domekarako Urtzi Abantzabalegiren lagunek eta errugbi ingurukoek prestatutako egitaraua zehaztuta dago honezkero. Hasteko, harrera egingo zaie antolatutako bi partiduetan parte hartuko duten jokalariei: 09:30ean beteranoei eta handik ordubetera, 10:30ean senior mailakoei. 11:00etan hasiko da beteranoen partidua, Eibar Rugby Team eta Urtziren lagunen artekoa, eta ordurako pintxoak eta edariak salgai egongo dira harmailako tabernan. 12:00etan seniorren artekoa jokatuko da, Barbarians Urtzi eta Euskadiko Errugbi Selekzio Ofizialaren artean: selekzio horretan, gainera, Ander Gallego, Kepa Zamakola, Pablo Gimenez eta Jokin Garcia eibartarrak sartu dira deialdian.
Behin partiduak amaituta, 14:00etan lagunek Urtziri egingo dioten omenaldiarentzako tartea irekiko da, eta handik ordu erdira, 14:30ak bueltan, hirugarren denbora zabalduko da, janari, edari eta musikaren parte-hartzeaz.
Prezioak ere jakinarazi dituzte ekitaldiaren antolatzaileek: arroz razioa 6 eurotan egongo da; txorizo, gazta eta solomo pintxoak, euro batean; garagardo eta refresko latak euro eta erdian; prezio berean ardoa eta sagardoa; kaña bi eurotan; eta kalimotxoa hiru eurotan. Ekitaldiko edalontzia euro baten salduko da.