Domekara bitartean, euskal kulturaren fantasiak beteko du Durangoko Azoka
Durangoko Azokan izango diren 950 nobedadeen artean, 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen izango dira. Antolatzaileek nabarmendutakoaren arabera, esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, berriz, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.
Gaur, Ikasle Goiza
Guar, abenduak 7, Ikasle Goiza ospatuko da Durangoko Azokan. Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik ehunka haur eta gazte joango dira, kultura ezagutu eta disfrutatzeko asmoz. Gainera, azokako guneetan haiei eskainitako tailerrak egongo dira: palindromoen ariketak, musika esperimentazioa, filosofia, bideojokoen eraikuntza, antzerki inprobisazioa, bideoklipen lanketa eta Ibarrolaren artean oinarrituriko sorkuntza. Ikasleei eskainitako goiza izan arren, azoka bera bisitari guztientzat zabalik egongo da.
Gaurko programazioa ere ekitaldiz josirik dago, eta hainbat protagonista izango dira. Esaterako: Harkaitz Cano, Nerea Loiola, eta Xabier Mendiguren idazleen aurkezpenak Ahotseneako solasaldietan; Moxal eta Zeker taldeen kontzertuak Ahotseneako
zuzenekoetan; Gamer Gela eta Rolarien jokoak Kabian; Ximinoa, Erro eta beste sei laburmetrai Irudienean; Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna Saguganbaran; Gaizka Chamizo eta Amahiru konpainiaren antzezlanak Szenatokian.
Eguneko programazio osoa kontsultatzeko: Abenduaren 7ko egitaraua
Doako autobusa
Azokara bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute. Autoa erabiliko dutenek, berriz, doako autobus zerbitzu bat izango dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.
Online salmentarik ez
Antolatzaileek esandakoaren arabera, iaz, azoka presentziala indartu zuten, eta, erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, esplikatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko korrdinatzaileak.