Dozenaka familia aritu ziren atzo “altxorraren bila”
Atzo, ostiral bizia izan zen Urkizu aldean.
Altxorraren Bilaren hirugarren edizioan parte hartu zuten dozenaka guraso eta haur Urkizu dorreen ingurura hurbiltzen hasi ziren, parkean zeudenak Galiziako Etxeak antolatutako jaiaz gozatzen ari ziren bitartean.
Beroak, irabazteko griñak eta nerbioek talderen bat edo beste pistak topatu ezinda, herrian zehar bueltaka aritzera eraman zuen.
Astixako begiraleek ere ez zuten lan makala izan pistak, materiala… prestatzen eta “galdutakoak” Urkizurantz zuzentzen.
19:00 ingururako, helmugan zeuden talde guztiak eta ia 100 lagunez osatutako kuadrillak indarrak berreskuratzeko aukera izan zuen euskera elkarteak eskainitako mokadutxoan.
Momentu hori aprobetxatu zen, parte hartzaileei, dominak eta diplomak banatzeko.
…eta kitto!-ko teknikarien esanetan “aurtengo parte hartzaile kopurua itzela izan da, dinamikak, onar zezakeen altuena. Zentzu handi batean bai Gurasuak Berbetan zein Ongietorri programekin bilatzen dugun saretzea eta hartuemanak sustatu badira ere oraindik ere lan handia dugu egiteko”.
Hurrengo zita ekainaren 13an izango da, arratsaldeko 17:00etan Errebalen, familiei zuzendutako jaialdian.