Dultzaineroei ongietorria eginda, bete betean sartu gara sanjuanetan
San Juan bezpera da gaurkoa eta, aurretik ere jaiekin lotutako nahikoa ekitaldi izan baditugu ere, San Juan jaiei hasiera ofiziala gaur eguerdian eman diegu, Estaziño kalean Lizarrako dultzaineroei ongietorria egin eta, jarraian, Untzagan aurtengo jaietako omenduek (Armeria Eskola, Asola Berri Elkartea eta Casino Artista Eibarrés) pregoia irakurri eta txupinazoa botata. Gaurko ekitaldiko anekdota, dultzaineroak eta eurekin batera kalejiran joandakoak udaletxera ailegatzean gertatu da: ezkontza ospatu da eta ezkonberriek eskailerak jaistean eta ezustean bat egin dute txupinazorako batutako jendetzarekin. Gaur bihar eta etzi ez da aspertzeko tarterik izango, jai egitarauak hamaika jarduera biltzen ditu eta. Bestalde, datorren astean Bixamona, San Juan jaiei eskainitako ale berezia banatuko dugu …eta kitto!-ko irakurleen artean eta, horretarako, jaietako ekitaldi nagusietan argazki mordoa ateratzen dihardute argazkilariek. Horietako batzuk Bixamonan argitaratuko dira, baina denak kaleratzea ezinezkoa denez, ekitaldika bildumak osatu eta Facebook-eko gure orrian zintzilikatzen dihardugu, nahi duenak ikusteko moduan (ez da beharrezkoa erregistratzea edo kontua izatea).