DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten da

DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten da
2020/04/23 10:35
eta kitto!


Hezkuntza Saileko arduradunek atzo aurkeztu zuten ikasturte amaierarako Hezkuntza Plana. Azaldu zutenez, aurrez aurreko jarduera eten aurretik ikasleek lortutako maila funtsezko oinarri gisa erabili beharko da, ikasturte amaieran kalifikazioari buruzko erabakiak hartzeko. Hezkuntza Sailak, osasun-irizpideek horretarako aukerarik ematen badute, DBHko 4. mailako ikasleak, Batxilergoko bi mailetakoak eta Lanbide Heziketako lehen mailetan daudenak jarduera presentzialera itzultzea aurreikusten du.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietara dagoeneko bidali den dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: irakasle-taldeak koordinatzeko orientabideak eta jarraibideak, metodologiak, curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna edo ebaluazio irizpideak, besteak beste. Azken elementu horri dagokionez, hau da, ebaluazioari dagokionez, nahitaezkoa da ikasturte amaierara arte aurrez aurreko edo urrutiko irakaskuntza-jarduera ahalik eta gehien aprobetxatzeko estrategiak planifikatzea, eta ebaluazio-prozedurak ezartzea ikasleen oinarrizko gaitasunen garapen-maila zehazteko, aipaturiko maila horiek ziurtatzeko helburuz.

Ebaluazioak

Euskal Eskola Publikoaren Legean ezarritako ikastetxeen autonomia pedagogikoarekin bat etorriz, ikastetxe bakoitzari dagokio prestakuntza-helburu horiek zehaztea bere curriculum-proiektuetan eta gelako programazioetan. Ikastetxe bakoitzean, dagokion irakasle-taldeak edo departamentu didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza-helburuei, edota egokitu egingo ditu, curriculuma emateko egungo baldintzetara; eta argi eta garbi adieraziko du zein diren lorpen-adierazle berriak, ikasturte honen amaierako ebaluazioan kontuan hartuko direnak. Zuzendaritza-taldeak eta erreferentziazko ikuskatzaileak bilerak izango dituzte maiatzeko lehen hamabostaldian, eta bilera horietan ikastetxeak proposatutako ebaluazio-prozesua aztertu, baloratu eta legitimatuko da.





Kontuan izanik eskola-egutegiaren bi heren inguru garatua zela aurrez aurreko jarduera eten zen unean, irakasle-taldeek bazuten informaziorik zehazteko zer mailatan egin zuten aurrera ikasleek ikasmaila bakoitzerako planifikatutako oinarrizko helburuetarantz. Ikasturte akademiko honen ezaugarri bereziak direla eta, jarduera presentziala eten aurretik ikasleek lortutako mailari buruz jasotako informazioa funtsezko oinarri gisa erabili beharko da behin betiko ebaluazioari buruzko erabakiak hartzeko eta horren ondoriozko ikasturte amaierako kalifikaziorako. Horrela, ikasturte hasieran 2. hiruhilekorako planifikatutako helburuak oinarrizkotzat hartuko dira 2019-2020 ikasturteko ebaluazio-prozesuan.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300

Hirugarren ebaluazioari dagokionez, ikastetxeek honako aukera hauek izango dituzte:


  • Hirugarren ebaluazio espezifiko bat egitea, hirugarren hiruhilekoan helburuak eta gaitasunak lortu diren baloratzeko Ikastetxeak erabakiko du ebaluazio hori nola egin (aurrez aurre, ahal balitz; azterketak online eginez, lanak eginez, etab.).




  • Etengabeko prestakuntza-ebaluazioaren esparruan, amaierako ebaluazio integratua egitea; urrutiko prestakuntzan zehar emandako prestakuntzak gehitzeko balioa izango luke. Kasu horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan, horiek izango baitira azken kalifikazioa zehaztuko dutenak, eta hirugarren hiruhilekoan lortutako emaitzak modu osagarrian gehituko zaizkie.




Aurrez aurreko hezkuntza-jardueran zeuden bitartean aurreikusitako helburuak eta konpetentziak lortu ez dituzten ikasleen kasuan, ikasturteko azken hiruhilekoan –ahal  dela- 1. eta 2. hiruhilekoei dagozkien gutxieneko helburuak lortzeko egingo da lan.

Irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzako hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, ikasle horren txosten indibidualizatua egin beharko du, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita. Txosten hori Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo da. Ikasle batentzat planteatutako ikasturte-errepikapenaren inguruan zalantzak sortzen diren kasuetan, Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatuko du errepikapenaren arrazoiek ez dutela loturarik ikaslearen konfinamendu-egoeraren ondorioz agertutako desberdintasun-egoerekin.

Irakasleak, metodologiak eta errefortzuak

Ebaluazioez gain, ikasleekin egingo den esku-hartzean koherentzia bermatzeko gomendioak ere jasotzen dituzte jarraibideek. Azpimarratzen da beharrezkoa dela irakasle-taldearen koordinazio ona lortzea, irakasleen informazioa partekatzea, ikasturtea amaitu arte planifikatutako zereginetan koordinatzea, hezkuntza-errefortzuen proposamenak bereziki berrikustea, etapa amaierako helburuak indartzea eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan mailaz igotzeak dakartzan berezitasunetan arreta ipintzea.

Errefortzuei dagokienez, egungo egoerak errefortzua aurreikustea eskatzen du, laguntza espezifikoak emanez eta arlo edo ikasgai instrumentalak lehenetsiz, bai ikasturte honen amaieran, bai hurrengoaren hasieran. Arreta berezia eskainiko zaie online prestakuntzarako aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen. Gomendagarria da, oro har, udako oporretan indartze- edo errekuperatze-lanak agintzea. Irailak indartze-izaera argia izango du.

Aurrez aurreko eskolak berreskuratzeko aukera

Erabaki hori noiz iritsiko zain, Hezkuntza Saila ikasgeletarako itzulera mugatu bat diseinatzeko lanean aritu da ikasturte honen azken zatian. Osasun Sailak bidalitako informazioari erreparatuta, eta datozen asteetan ikasgeletan erabateko normaltasuna ezin izango denez derreskuratu, Hezkuntza Sailak balizko itzulera bat prestatu du, bereziki kritikotzat jotzen diren hezkuntza-mailak lehenetsiz. Zehazki, DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. DBHko 4. mailaren eta Batxilergoko 2. mailaren kasuan, ikasleek titulu ofizial bat lortzen dute –bi mailak bereziki garrantzitsu bihurtzen dituen ezaugarri bat da hori-, eta Batxilergoko 1. mailan, ikasleek prestakuntza handia behar dute Batxilergoko 2. mailara igaro aurretik. Lanbide Heziketari dagokionez, lehen mailetako ikasleak (izan Goi Mailako Lanbide Heziketan, Erdi Mailakoan nahiz Oinarrizkoan) itzuliko dira ikasgeletara. 2. mailako ikasleak –une honetan enpresetan praktikak egiten egon beharko lukete- enpresetara itzuliko dira. Hori egingarria ez balitz, online eta aurrez aurreko prestakuntza-sistema misto berri bat eskainiko zaie, salbuespen gisa.Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak emandako osasun-neurriei jarraituz egingo da.

Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak adierazitako osasun-neurriei jarraituz egingo da. Lehentasuna, uneoro, hezkuntza-komunitatearen osasuna eta segurtasuna izan da, bai eta hezkuntzarako eskubidea ere, hartu diren erabaki eta planteamenduetan.