EAJ alderdiak PSE inbertsioen inguruan "gezurretan dabilela" salatu du
EAJ alderdiak gaur (barixakua, hilak 5) prentsaurrekoan salatu duenez, "López hautagaiak Eibarren egin omen dituen inbertsioez Eibarko PSE-k dioena hauteskundeei begira botatako gezur galanta eta eibartarrei iruzurra direla esan dezakegu. Eman duten inbertsioen kopurua aldatuta dago, faltsua da, besteak beste hurrengo Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu beharko dituen partidak hor sartu dituztelako (Ospital berrirako 30 milioi eta Pasiuaren kostuak), Teknikerri egindako maileguak (10 milioi)… baina gezurrik handiena komunikabideetan honako mezua zabaltzean bota dute: 'Lópezek agindutako hiruak (Ospitala, Pasiua eta Tekniker) bete egin dira'. Gezur handi hori argitzeko ordua da". Ospitalaren inguruan, "Lópezek Eibar bakarrik laga" duela diote. "Lurzorua erostea besterik ez du eragin, eta Ospitala egingo bada hurrengo gobernuak hala onartzen baldin badu izango da". Teknikerren proiektua, berriz, EAJ, PP eta PSE alderdiek elkarlanean bultzatutakoa izan dela gogora ekarri nahi izan dute eta, besteak beste, Markel Olano buru zuen Foru Aldundiak 2010eko apirilean proiekturako eman zituen 2 milioi euroak azpimarratu dituzte. Eta Pasiuaren inguruan, berriz, "Iñaki Arriolak beharrei ezer berririk ez diela gehitu" diote jeltzaleek. Ermua-Eibar-Elgoibar trenbideari lotutako guztiak 'Euskal Trenbide Sarea 2007-2012 Plan Estrategikoan' jasota zeudela azaldu dute, "paseo berria sortzeko trenbidea estaltzeko beharrak izan ezik eta horiek, edozein kasutan ere, EuskoJaurlaritza berriak ordaindu beharko ditu".