Eibarko EAJ-PNVk dio Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana azken fasean dagoela eta ekarpenak egiteko unea dela
Eibarko EAJ-PNVk adierazi du Eibarko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) azken prestaketa-fasean dagoela, eta une honetan lehentasuna ez dela plan berri bat eskatzea, baizik eta prestatzen ari den dokumentuari ekarpenak egitea. Alderdiaren esanetan, hasierako diagnostikoa amaituta dago eta plana oposizioko taldeen proposamenak jasotzeko fasean dago.
Jeltzaleek azaldu dutenez, plana Ingurumen Sailak gidatzen du Trafiko eta Mugikortasun Sailarekin elkarlanean, udaleko gainerako sailekin koordinatuta. Helburua, haien arabera, oinezkoei lehentasuna ematea, mugikortasun jasangarria sustatzea eta herrigunearen, auzoen eta landa-eremuen arteko loturak hobetzea da.
Eva Juez Ingurumen zinegotziak adierazi du Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana "ezinbesteko tresna" dela mugikortasuna ikuspegi integral batetik lantzeko. Horregatik, dokumentua prestatzeko udaleko hainbat arlotako teknikariek eta arduradun politikoek parte hartu dutela azaldu du.
EAJ-PNVren esanetan, Eibarren orografiak mugikortasunaren arloko neurriak ezartzea zailtzen badu ere, udal sailek eta arlo horretan esperientzia duen enpresa batek hiriko egoeraren diagnostikoa egin dute lehenik. Diagnostiko horretan oinarrituta prestatu dute laster amaitzea aurreikusten duten plana.
Alderdiak gogorarazi du, EH Bilduk eskatuta, ekarpenak aurkezteko epea luzatu egin dela. Jeltzaleen arabera, jasotako proposamenak aztertuko dituzte, eta azaldu dute haietako batzuk dagoeneko martxan daudela, beste batzuk, berriz, planaren barruan jasota daudela datozen urteetan garatzeko.
Mugikortasunaren arloan, EAJ-PNVk nabarmendu du oinezkoen aldeko apustua egiten duela, baita kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murriztearen eta kaleetako segurtasuna indartzearen alde ere. Horren adibide gisa aipatu ditu Legarre eta Jardiñetako aparkaleku perimetralak eta Ubitxako aparkalekuaren proiektua. Era berean, hiriarteko geltoki intermodal baten alde egiten jarraitzen dutela adierazi du, ibilgailu astunen zirkulazioa herrigunetik ateratzeko eta garraio publikoa indartzeko.
EAJ-PNVren arabera, planak, besteak beste, garraio publikoa indartzeko, genero-ikuspegia txertatzeko, aparkaleku gehiago sortzeko, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorriak errazteko, oinezkoentzako guneak handitzeko eta herria seguruago eta bizigarriago egiteko neurriak jasotzen ditu.
Azkenik, alderdiak azaldu du planak udaleko hainbat sailetako teknikariek eta zinegotziek osatutako jarraipen-talde bat izango duela. Talde horrek planaren ezarpena gainbegiratuko du, eta etorkizuneko mugikortasun-politikak garatzeko erreferentziazko tresna izango dela nabarmendu dute.