EAJ-PNVk eskatu du Toribio Etxebarrian terrazak eta trafikoaren arteko elkarbizitza ordenatzeko

EAJ-PNVk eskatu du Toribio Etxebarrian terrazak eta trafikoaren arteko elkarbizitza ordenatzeko
2025/12/16 14:27
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EAJ-PNVk Toribio Etxebarria kaleko terrazek eta ibilgailuek sortzen dituzten arazoekiko kezka agertu du, eta segurtasuna eta elkarbizitza bermatzeko neurriak eskatu ditu. Jeltzaleek salatu dutenez, goizeko ordutegian -kalea trafikoari irekita dagoenean- terrazak jartzeak udal-ordenantza urratzen du eta arrisku-egoerak sortzen ditu.

Alderdiak azaldu du azken urteetan bizilagunek hainbat kexa helarazi dituztela, zarata handitzeagatik, oinezkoen segurtasun faltagatik eta espazio publikoaren erabilera desorekatuagatik. Horren aurrean, EAJ-PNVk Udalari eskatu dio lehenbailehen jarduteko eta terrazetarako emandako baimenak berrikusteko, araudia zorrotz betetzen dela ziurtatzeko.

Era berean, jarduera ekonomikoa eta eguneroko bizitza bateragarriak izan behar direla defendatu dute, eta negozioen, trafikoaren eta oinezkoen arteko oreka bermatuko duten irtenbideak aldarrikatu dituzte, betiere oinezkoei lehentasuna emanez. Testuinguru horretan, Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren kaleak etorkizunean oinezkoentzako bihurtzearen aldeko apustua ere berretsi dute.

EAJ-PNVk adierazi du Eibarko bizilagunen eskaerak entzuten eta aztertzen jarraituko duela, haien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin.