EAJk berdeguneak eta aparkalekuak handitzeko neurriak proposatu ditu Eibarko HAPO berrirako

Jeltzaleek Estaziño-Matsariako geltoki intermodala proiektu estrategiko gisa jasotzea nahi dute, Ego Gain-en parke bat egiteko aukera zabaltzeko.
EAJk berdeguneak eta aparkalekuak handitzeko neurriak proposatu ditu Eibarko HAPO berrirako
2026/10/09 13:12
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EAJk Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berrian hainbat neurri txertatzea proposatu du: berdeguneak handitzea, mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea, aparkaleku gehiago sortzea eta hiri- zein industria-eremuak berroneratzea.

Jeltzaleek Estaziño-Matsariako geltoki intermodalaren proiektua nabarmendu dute. Autobus-geltokia Ego Gainetik lekuz aldatzea eta tren-geltokiaren eta saihesbidearen inguruan garraio-gune bat sortzea proposatu dute. Haien esanetan, horrek egungo geltokiaren eremuan parke bat eta aisialdirako gune bat egiteko aukera emango luke.

«Ez da geltoki bat lekuz aldatzea bakarrik: hiri-proiektu bat da», adierazi du Alberto de la Hoz EAJko Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak. Haren ustez, proiektuak erdiguneko trafikoa arintzen eta zarata zein kutsadura murrizten lagunduko luke.

HAPOren berrikuspenaren aurrerapen-dokumentuak Estaziño-Matsaria etorkizuneko autobus-geltokia hartzeko eta tren-geltokiaren ondoan gune intermodal bat sortzeko aukera jasotzen du. EAJk proiektua plan berriko ardatz estrategikoetako bat izatea nahi du.

Matsariako industria-jarduera ere kontuan hartzeko eskatu dute jeltzaleek. Eremuaren kokapenak enpresen irisgarritasuna hobetzeko eta aparkalekuak sortzeko aukerak eskaintzen dituela adierazi dute.

Bestalde, Eibar berdeago egiteko, berdeguneak handitu eta elkarren artean lotzea, zuhaitz-plana garatzea eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak hartzea proposatu dute. Irisgarritasunari dagokionez, igogailuak eta garraio mekanikoko beste baliabide batzuk sustatzea, auzoen arteko loturak hobetzea eta oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbideak indartzea nahi dute.

De la Hozek, azkenik, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (HMIP) HAPO berriarekin koordinatzearen garrantzia azpimarratu du.