EAJk makroaparkalekua proposatu du Itzion, Ardantzatik igogailua jarrita
Proposamen hori Itzioko ikastetxearen eta Alfako eskola zegoen orubearen artean garatuko litzateke. EAJtik esan dutenez, "saihesbidetik zuzenean autoz sartzeko aukera emango luke, eta, erdigunetik oinez joateko, Ardantzan jarriko litzakeen igogailua erabiliko litzateke. Igogailu horrek Mirafloresen eta Arratebiden bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ere balioko du, zentrotik sarbide mekanikoa izango baitute. Jardiñetatik (Sakun parketik) eta Aldatzetik ere sartu ahalko litzateke. Doako aparkalekua izango litzateke, aparkatutako autoen segurtasuna bermatzeko bideozaintza-sistema batekin. Auto elektrikoentzako karga-guneak ere sor litezke, eta furgonetentzako plaza zabalak ere jar litezke".
Josu Mendicute EAJko bozeramaile eta alkategaiak esan duenez, "Ardantzan egun dagoen lorategia mantentzearen alde egiten dugu (jarduneko gobernu-taldeak kentzea proposatzen duen bitartean). 13 aldiz handiagoa den aparkaleku bat proposatzen dugu Itzion, Ardatza eta Itzioko lorategiak mantenduz eta erdigunetik trafikoa ateraz. Eibarrek erakargarritasuna berreskuratu behar du. Hiri atseginagoa eskaini behar diegu gure nagusiei eta haurrei. Eibarrek trafikoa murriztu behar du bere hiri-bilbean. Horrek zaratak, kea eta estresa murriztea dakar; azken batean, osasunean inbertitzea da. Aparkaleku perimetralak onak izango dira mundu guztiarentzat".
EAJk, erabiltzen ez diren industria-pabiloiak berrerabiltzeaz gain, eremu urbano osoa inguratzen duten aparkaleku perimetralen sare bat proposatu du. "Gure kale eta auzoen barruko espazioa oso justua da, baina badira auzo desberdinetarako sarreretan aparkalekuak egiteko aukerak. Etxebizitza gehiago eraiki beharrean, inguruan aparkalekuak eraikitzea proposatzen dugu, bai erdiguneko bai auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko", diote. Testuinguru horretan planteatzen dute tzio-Alfako makroaparkalekua.