Ederto ibili ziren Gureak lantegikoak Auzokoak elkarteak antolatutako Gabonetako bazkarian

Auzokoak elkarteak antolatuko duen hurrengo ekimena otsailean izango da, Santa Ageda bezperan.
Ederto ibili ziren Gureak lantegikoak Auzokoak elkarteak antolatutako Gabonetako bazkarian
2026/01/14 10:09
Silbia Hernandez Arrazola

Urteroko martxan, Errege egunaren osteko lehen zapatuan, urtarrilaren 10ean egin zen Auzokoak elkarteak Gureak-eko langileei eskaintzen dien Gabonetako bazkaria. Urtero jai-egun hau antolatzen duen Auzokoak elkartearen barruan Eibarko hainbat elkarte gastronomiko daude: Edozer, Urkusu-Gain, Erdi-Bana, Jaiki, Dorrepe, Denon Sahatsa eta Bekuak, eta 1981an hasi ziren ekitaldi hau elkarrekin prestatzen. Aurretik Edozer elkarteak antolatzen zuen. Aurtengoa 41. edizioa izan da, eta betiko moduan ederto pasatu zuten gonbidatuek. Menuarekin ere pozik egon ziren: paella, xerra piperrekin, pastak eta kafeak jan zituzten, eta antolatzaileek esan digutenez, bazkalostean “dantzak, besarkadak, diskurtsoak…. bizi izan genituen. Gogoan izan zuten aurten hildako taldekide bat ere”. Gainera, babesleen laguntzari esker, opariak ere banatu zituzten.
Bazkaria prestatzen eta jaia antolatzen aritu zen boluntarioen taldea honako hauek osatu dute oraingoan: Iker Badiola, Josu Mendicute, Iñaki Arregi, Rafa Martinez, Asier Maiztegi, Jon Peña, Iker Guenaga, Xabier Arrizabalaga, Asier Lasa, Anton Bermudez, Xavier Uzkudun, Alex Bordas, Ane Bordas eta Aitor Aizpuruak.
Kolaboratzaileen zerrendan, berriz, hauek daude: Kaiku KM0, Andretxea, Coloniales Club Sibaris, Donostiako Udala, IK4-Tekniker, Urkotronik, …eta kitto! Euskara Elkartea, Lejardi - Seguros Zurich, S.D. Eibar, Euskitze likor & ardoak, Volkswagen Vasa Eibar, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eroski Ipurua, EiTB, JAZ Zubiaurre, Eibarko Udala - Kultura Saila, Egoibarra Batzordea, PSE-EE PSOE, EAJ-PNV eta Ustekabe Eibarko txaranga. 
Auzokoak elkarteak antolatuko duen hurrengo ekimena otsailean izango da, Santa Ageda bezperan: egun horretan santaeskean ibiltzen den abesbatzarentzat afaria prestatzen dute.

ARGAZKIAK: AUZOKOAK.