Ederto ospatu dituzte sanpedroak Karmen kalean
Aurreko barixakuan hasi eta asteburu osoan zehar sanpedroak ondo baino hobeto ospatu dituzte Karmen kaleko parkean, Beheko Tokia jubilatu etxekoek prestatutako ekitaldietan. Barixaku arratsaldean umeak izan ziren protagonista nagusiak: txokolate-janarekin hasi eta hainbat jokotan parte hartzeko aukera izan zuten jarraian. Eguna agurtu aurretik, baina, Gorriti eta bere abere txikiekin jolasteko aukera izan zuten (argazkiak ikusteko hemen sakatu). Zapatuan, San Pedro egunean, Koru Gaztearen parte-hartzea izan zuen mezarekin ekin zioten eguneko egitarauari eta arratsaldean, berriz, musikarekin bete zituzten orduak: Nathali eta Sebastianen emanaldiarekin hasi, Kaleetan Kantuz-ekoen saioarekin jarraitu eta Tukan taldearekin amaitu zuten jaia.
Bestalde, atzo (domeka, ekainak 30) urteroko moduan San Pedro meza eta konjurua egin zituzten Akondia baserrian, uztak txingorretik-eta babesteko.