Ibizan jokatuko den Espainiako Txapelketarekin esan dio agur Pello Osorok triatloi denboraldiari
Domekan, azaroak 2, Distantzia Erdiko Triatloiko Espainiako Txapelketa jokatuko da Santa Eularia des Riun (Ibiza). Pello Osoro eibartarra izango da bertan eta proba horrekin emango dio amaiera triatloi denboraldiari.
Santa Eulariako hondartzan hasiko da igeriketa saioa (2 km) eta atletak toki berera itzuliko dira. Handik, lau buelta eman beharko dizkiote bizikleta gainean ia laua den 20 km-ko zirkuitu bati (80 km guztira) eta, azkenik, beste lau buelta eman beharko dizkiote antxintxiketan 4,5 km-ko zirkuitu bati (18 km guztira), Santa Eulariako itsas-paseoaren eta portuan zehar.
Joan den asteburuan Challenge Barcelona triatloian egon zen Osoro eta 31. postuan amaitu zuen distantzia erdiko proba. “Urteetan ez dut hain egun txarra izan distantzia erdiko proba batean”, aipatu zuen sare sozialetan. Izan ere, irabaztera edo goiko postuetan egotera ohitu digu eibartarrak, eta arraroa da Bartzelonan lortutako emaitza.