EDU MURUAMENDIARAZ: “Argentinan negarrez amaitu genuen saioa”
-Nola liteke dantza den gauza eder baten bitartez, bonbardaketa bezalako gauza krudel bat irudikatzea?
Dantzaren bidez sentimenduak asmatzen ditugu. Gure asmoa Gernika, Eibar eta Durango bezalako herrietan gertatutako bonbardaketak dantzen bidez kontatzea zen, eta gure erara egin dugu hori, dantzaren bidez. Gai gogorra da, sentimendu asko dagoelako horren gainean. Zaila da esplikatzen dantzaren bitartez nola kontatu daitekeen hain gauza krudela, baina nik uste dut lortu dugula. Normalean ez ditugu horrelako gai gogorrak jorratzen gure ikuskizunetan, zaila delako, baina hau egiteko beharra sentitzen genuen.
-Zer da Coliseora zuen ikuskizuna ikustera doanak aurkitu duena?
Gernikako bonbardaketan gertatu zena kontatuko dugu. Lehenik, bonbardaketa baino lehenago herria nolakoa zen azalduko dugu. Euskal Herriko edozein herri modukoa zen, girotsua, alaia; gainera, astelehena zen, azoka eguna, eta pentsa nolako giroa egongo zen bertan. Bikoteen eta jendearen arteko harremanak kontatzen ditugu, adibidez. Gero, bonbardaketaren momentura iristen gara, alemanak datozen momentura, bonbak, eta abar. Ostean, herria nola berpizten den ikusiko dugu, herria bizi dela erakutsiz. Nola moldatuko garen istorioa kontatzeko? Hilerri batean kokatzen gara lehenik eta bonbardaketan hil zirenek han gertatutakoa kontatuko dute.
-Lehen aldia izango da Eibarren ‘Gernika’ eskainiko duzuena, baina entseguak bai egin dituzue hemen.
Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) hezkuntza esparruan gabonetan egiten duen egonaldia aprobetxatuz, iaz eurekin entsaiatzen egon ginen. Gabonetako programa zuzeneko musikarekin egiteko asmoa geneukan, eta horregatik. Ondoren, pentsatu genuen ‘Gernika’ amaituta zegoela, baina Argentina eta Uruguain bira egiteko proposamena jaso genuen. Oso ondo egon zen. Aurten, bonbardaketen 75. urteurrena dela-eta, 3 saio egingo ditugu. Ikuskizun polita da, sentimenduak azalera ateratzen dituena. Modu minimalistan dago egina, ia ez du atrezzorik, zuria eta beltza dira kolore nagusiak eta Picassoren Gernika koadroarekin jolasten dugu.
-Argentina eta Uruguain egon zinetela aipatu duzu. Nolakoa izan zen esperientzia?
Egia esan, ‘flipatu’ egin genuen. Demaseko arrakasta izan zuen ikuskizunak. Lehenengo saioa Necoechean egin genuen. Han Argentinako Dantzarien Eguna ospatzen zen eta jende ugari bat zen bertan. Negarrez amaitu genuen. Rosarion ere arrakasta izan genuen. Hango giroa ez zen hain euskalduna, baina harrera oso ona izan zuen ikuskizunak. Montevideon ere egon ginen eta antzokia bete egin zen. Benetan, ez genuen espero.
-Eibarkoa izango da ‘Gernika’-ren azken saioa?
Ez, urrian Basaurin ere egongo gara eta gehiago irtetzen badira, aurrera. ‘Gernika’-k ez dauka amaierako datarik, historian gertatutako zerbait delako, gure oroitzapenean dagoelako, zerbait tristea izanik beti ikusi ahal izango delako.
-‘Gernika’ izenburua darama saioak, baina Eibar edo Durango izan liteke?
Bai. Gernikan gertatutakoa da munduan propaganda gehien jaso duena, baina Eibar edo Durango titulua izan zezakeen. Eibarren familia daukat eta bonbardaketaren kontuaren inguruan eurekin berba egin dut. Ez nuen pentsatzen hainbesterainokoa izan zenik Eibarren gertatutakoa. Demasa izan zen. Zentzu horretan, pertsonalki gogo handia ematen dit Eibarren aritzeak. Istorioa kontatzea nahi dut, ‘Gernika’ Eibarren plazaratu, baina jendearen harrera nolakoa den ere nahi dut ikusi. 11 urte dira Eibarren aritzen ez naizena. Azken aldian hezkuntza esperruan egon nintzen eta lehen aldia da Coliseoan arituko naizena. Berezia izango da.